Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/03/10
Pasai Antxoko Musika Asteko kontzertuak eta emanaldiak, bueltan!
Musika bandaren eta abesbatzen kontzertuak martxoaren 15etik 22ra bitartean

Musika Banda Pasaiak, Pasaiako Udalarekin eta Pasaia Musikal Fundazioarekin elkarlanean, Pasai Antxoko Musika Astearen kultur ziklo beteranoaren edizio berri bat antolatu du. Martxoaren 15etik 22ra bitartean izango da eta 3 kontzertu eskainiko dira.
Musika Banda Pasaiaren presidentea den Jose Mª Hernandezek aipatu duenez, “30 urteko ibilbidearen ondoren, eta elkartearen 100. urteurrena ospatu eta gero, aste hau lehen eguneko ilusio berarekin antolatu dugu”.
Antxoko alkateordea den Mikel García Peñilek zera adierazi du: “Zalantzarik gabe, horrenbeste urte kultura-egutegian musika emanaldi-sorta hau mantentzea albiste ona da Antxoko barrutiarentzat, eta baita Pasaiarentzat ere. Horrelako ekimenek barrutiari bizia ematen diote, eta musika eta kultura herritarrengana gerturatzeko aukera paregabea dira”.
Ildo beretik, Pasaiako Kulturako zinegotzia den Laura Rék honakoa gaineratu du: “Musika Astea bezalako ekimenek argi erakusten dute Pasaian badagoela kultura bizia eta askotarikoa. Horregatik, Udaletik lanean jarraituko dugu kultur jarduerak sustatzen eta herritar guztien eskura jartzen”.
Aurtengo edizioa LEIOA KANTIKA KOROAk hasiko du martxoaren 15ean San Fermin elizan eskainiko duen kontzertu batekin. Basilio Astúlez zuzendariaren eskutik, 2000. urtean sortu zen abesbatza hau, Leioako Udal Kontserbatorioan, eta gaur egun 10 eta 18 urte bitarteko neska-mutilek osatzen dute. Gaur egungo abesbatzen panoraman erreferente bat da, bai programazio ausartengatik, bai eszenaratze zainduagatik.
Hurrengo asteburuan, martxoaren 21ean, NÁYADE ABESBATZAren txanda izango da, Irungo ahots zurien abesbatza. 1997ko abenduan sortua, gaur egun, Alaitz Urkia Rodriguezen zuzendaritzapean, hogeita hamar bat koralistek osatzen dute. Bere errepertorioa askotarikoa da, izan ere, garai eta nazionalitate ezberdinetako musikagileen pieza folklorikoak biltzen ditu, egungo euskal konpositoreen lanak ahaztu gabe. Kontzertu hau ere San Fermin elizan izango da.
Hirugarren eta azken emanaldia martxoaren 22an izango da, TRINTXERPEKO ILUNBE MUSIKA BANDAren eskutik. Eguraldia lagun badute, kontzertua Biteri Plazan egingo dute. Euria egiten balu, Ibaiondo frontoian izango da emanaldia. Talde honek, Jon Ander Serranoren zuzendaritzapean, egitarau zabala interpretatuko du.
Jose Mª Hernandezen hitzetan “Pasaiako Udal Gobernuari eskerrak eman nahi dizkiogu urte hauetan egin diren kultur jardueretan Pasaiako Udala eta Pasaia Musikal Fundazioa bidelagun eta babesle izateagatik”. Era berean, bere esker ona adierazi nahi izan dio San Fermin Parrokiari.
Amaitzeko, ordezkari guztiek 2026ko Musika Aste honen kontzertu eta jarduerez gozatzera gonbidatu dituzte pasaitarrak.
EGITARAUA
LEIOA KANTIKA Koroa
Eguna: martxoak 15, igandea
Ordua: 18:30
Tokia: San Fermin eliza
NAYADE Abesbatza
Eguna: martxoak 21, larunbata
Ordua: 20:00
Tokia: San Fermin eliza
TRINTXERPEKO ILUNBE MUSIKA BANDA
Eguna: martxoak 22, igandea
Ordua: 13:00
Tokia: Pasai Antxoko Biteri plaza
*Eguraldi txarra eginez gero, kontzertua Ibaiondo frontoian izango da.






