Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/07/19
Andonaegiko futbol zelaiko belarra berrituko du Udalak
Uztailaren 22ko astean hasiko dira lanak eta 290.103,86 euroko inbertsioa egingo da

Andonaegiko futbol zelaiko belarra aldatuko du Pasaiako Udalak uztailaren 22ko astean. Izan ere, futbol zelaiko belarra hondatuta dago eta berritzea erabaki da.
Eraberritzeak euren jarduera bertan garatzen duten kirol kluben eskaerari erantzungo diola ziurtatu du Iraitz Pazos Lapido Zerbitzu, Sare eta Mantenu-lanetako zinegotziak. 2014an kirol eremu horretako belarra berritu zenean, geruza berria zaharraren gainean ezarri zen. “Horrek zenbait kirolariren lesioak eragin ditu, belarrean zimur edo tolesturak sortu baitira denboraren poderioz”, zehaztu du Julen Rodriguez Aboy Kirol zinegotziak.
“Kirolarien eskaerei gehitu behar zaie belar horren bizitza erabilgarria 7 urtekoa zela, eta iraungita zegoela hori, beraz, 2021etik”, gehitu du Zerbitzuetako arduradunak. Ondorioz, azken urteetan zenbait konponketa eta aldaketa puntual egin badira ere, “ezinbestekoa” zen belar hori “lehenbailehen” aldatzea, gobernukideek zehaztu dutenez.
Horiek horrela, Espainiako Futbol Federazioak 2. B mailara arteko lehiaketetarako ezarritako baldintzak betetzen dituen belarra jarriko du Pasaiako Udalak. Hala, futbol 7rako (zeharkako bi zelai) eta futbol 11rako (zelai osoa) markak margotuko dira, eta horrek lurzorua hobeto aprobetxatzeko aukera eskainiko du.
Lan horiek egiteko, 2014ko eta horren azpian dagoen duela 28 urteko soropila kenduko dira. Ingurumen zinegotzi ere baden Pazosek zehaztu du kenduko diren belar horiek berrerabili egingo dituztela udalerriko beste eremu batzuetan.
Lanak 4 astetan amaitzea aurreikusten da, eta belar berriaren egoera aztertuko da hurrengo hilabete eta urteetan modu egokian dagoela baieztatzeko.
Lan horiek burutzeko 290.103,86 euroko inbertsioa egingo da. Obra hau Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotako dirulaguntza bati esker finantzatuko da (Gipuzkoako ekipamenduen plana 2023-2025) Aldunditik 131.414,00 euro jasoko baitira. Beste guztia Udalak ordainduko du.






