Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2022/07/04
Andonaegi auzoko etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzak aurkezteko informazio-saioa
Uztailaren 5ean Andonaegiko frontoian

Interesdunek Andonaegi Jauregiko zaindariaren etxea izandakoan irekitako jendearentzako arreta-bulegoan jaso ahal izango dute informazioa.
Uztailaren 5ean 18:00etan Pasaiako Udalak informazio-saio bat egingo du Andonaegiko frontoian, euren etxebizitzak birgaitu nahi dituzten auzo horretako bizilagunek eska ditzaketen laguntzen berri emateko (hain zuzen ere, proiektuaren % 30etik 50era bitarteko laguntzak). Planak zortzi milioi euroko zuzkidura du, eraikinen irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna hobetu nahi duten jabekideen erkidegoentzat. Espazio eta bide publikoak berrurbanizatzeko eta hobetzeko obrak ere aurreikusita daude, eta horiek Udalak egingo ditu.
Interesdunek aholkularitza iraunkorra eta pertsonalizatua izan dezaten, eta kasu bakoitzean jaso ditzaketen laguntza zehatzen berri eman diezaieten, informazio-bulego bat prestatu da Andonaegi Jauregiko zaindariaren etxea izandakoan. Bulegoan teknikariak izango dira, eta horiek aholkularitza emango diete jabeen erkidegoei eraikin bakoitzaren birgaitze-proiektuekin zerikusia duen guztian, irtenbiderik onenak aurkitzen lagunduko diete, zalantzak argituko dizkiete, eta azalduko diete zer jarduketa sartzen diren planaren barruan eta zein laguntza dagokien jarduketa horiengatik.
Izaskun Gómez Pasaiako alkateak nabarmendu du Plana aukera handia dela, Andonaegiko bizilagunen etxebizitzak eta bizi-kalitatea hobetzeko laguntza garrantzitsuak eskaintzen dituelako, baina auzoko pertsonek erabaki behar dutela parte hartu nahi duten ala ez. Udalak Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan sartuta dauden funts horiek lortu ditu, eta jabeen erkidegoei beharrezko laguntza guztia emango die birgaitze-proiektuak aurrera eramateko eta dagozkien laguntzak eskuratzeko. Izaskun Gómezek adierazi duenez, etxebizitzak berritzeaz gain, espazio publikoak eta urbanizazioak ere berrituko dira eta, beraz, auzoak berak ere onurak izango ditu.
Datorren uztailaren 5ean Andonaegiko frontoian egingo den aurkezpenean udal ordezkariek eta informazio bulegoko talde teknikoak parte hartuko dute. Bulego horren ordutegia hau da: astelehenetik ostiralera 9:00etatik 14:00etara, eta asteazkenetan 15:00etatik 17:30era. Hitzordua edo bilera eskatu nahi dutenek 943 00 43 05 telefonora deitu edo whatsappa bidal dezakete.