Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/10/26

Udalak Andonaegiko etxebizitzak birgaitzeko laguntzen oinarriak onartu ditu

Eskatzeko epea Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean zabalduko da

Pasaiako Udalbatzak Andonaegi auzoko eraikinak birgaitzeko laguntzak arautzeko oinarriak onartu ditu. Planak 7.271.692,98 euroko zuzkidura du, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politika, Etxebizitza eta Garraio Sailak onartua, eta laguntza horiek eraikinen birgaitze sakoneko obrak egin nahi dituzten jabe-erkidegoentzat izango dira.

Jarduketa-eremuak kale hauek hartzen ditu barne:

  • Bidasoa
  • Igeldo
  • Oiartzun
  • Andonaegi
  • Urgull

Guztira, 30 atarik eska ditzakete onartutako laguntza hauek. Laguntza hauen hartzaileak jabe-erkidegoak dira, eta obra hauek egiteko eska dezakete laguntza: etxebizitzen irisgarritasuna bermatzeko obrak, eraginkortasun energetikoa hobetzeko obrak, saneamenduko instalazioak arauetara egokitzeko obrak, EITan adierazitako bizigarritasuna egokitzeko edo egitura eta eraikuntza egokitzeko obrak.

Interesa duten jabe-erkidegoek bi hilabeteko epea dute laguntza-programa honetan sartzeko akordioa aurkezteko. Une horretatik aurrera, hiru aurrekontu eskatu beharko dituzte hilabeteko epean, proiektua egiteko; beste hilabete bat izango dute esleipena proposatzeko, eta beste hilabete bat hori berresteko. Behin urrats horiek egin ondoren, zortzi hilabeteko epea zabalduko da, erkidegoek laguntza-eskaera eta obra-lizentzia eskaera aurkez ditzaten. 

Laguntzak obrak egin ahala ordainduko dira, eta obrek 2025eko apirilerako bukatuta egon behar dute.

Izapideak erraztearren, udalak informazio-bulego bat egokitu du Andonaegi jauregiko guarda-etxea izandakoan. Bulegoan teknikariak izango dira jabe-erkidegoei eraikin bakoitzaren birgaitze-proiektuekin zerikusia duen guztiari buruz aholkatzeko. Informazioa nahi dutenek 943 00 05 telefono-zenbakira whatsappa bidali edo dei dezakete.

Izaskun Gomez Pasaiako alkateak honakoa azpimarratu du: “Plana aukera bikaina da, Andonaegiko bizilagunen etxebizitzak eta bizi-kalitatea hobetzeko”. Orain auzotarren esku dago parte hartu nahi duten erabakitzea.” Udalak Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan sartuta dauden funts horiek lortu ditu, eta jabeen erkidegoei beharrezko laguntza guztia emango die birgaitze-proiektuak aurrera eramateko eta dagozkien laguntzak eskuratzeko.