Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2023/08/23

5,8 milioi euroko dirulaguntza gehigarria bideratuko da Adonaegi auzoko hiri-birgaitze proiektua indartzeko

Pasaiako alkateak hitzarmena sinatu du aste honetan Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako Sailarekin eta Hiri Agenda Ministerioarekin. Horren bidez, 5,8 milioi euroko dirulaguntza bideratuko da Andonaegi auzoko hiri-birgaitze integralerako proiektua indartzeko, energia-efizientziaren arloan, Estatuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Mekanismoko Next Generation EU funtsen bidez.

Laguntza ekonomiko hau, dagoeneko onartutako 8 milioi euroko dirulaguntzari batuko zaio, eta honen helburua izango da auzoko bizitegi-eraikinak birgaitzea, energia ez-berriztagarrian gastua % 30 murriztea lortzeko. Gainera, honen zati bat auzoaren urbanizazio-lanak egiteko erabili ahal izango du udalak.

Pasaiako Udaleko Hirigintza Saila dirulaguntza lerro berriaren oinarriak lantzen ari da dagoeneko, eta datozen asteetan emango du jakitera, proiektu horretarako gaitu den auzo-bulegoaren bidez, nola egin behar dituzten eskaerak eragindako bizitegi-eraikinetako erkidegoek.

Amaitzeko, gogorarazi nahi dugu Andonaegi izan dela hiri-birgaitze programan sartu den lehenengo auzoetako bat eta jarduketak Igeldo, Oiartzun, Andonaegi, Bidasoa eta Urgull kaleetan 200 etxebizitza inguru hartzen dituzten 20 ataritan egingo direla.