Argitaratze-data: 2022/11/28
AMAraun ikuskizuna. Oihana Iguaran eta Amaiur Luluagaren eskutik
Abenduaren 8an, Donibanen
Ez aurreikusi dantza ikuskizun bat,
ez espero bertso emanaldi bat;
hau bidaia bat da.
Bidaia hipotetiko bat amatasunean zehar.
Bidean, gorputzak, ahotsak, dantza eta bertsoa
gurutzatu zaizkigu.
Eta amatasunak gurutzatu gaitu.
AMAraun ikuskizuna eskainiko dute Oihana Iguaran eta Amaiur Luluagak Juanba Berasategi auditorioan abenduaren 8an, 19:00etan, Berditasun Arloak eta Euskara Sailak antolatuta. Ikuskizuna doan izango da.
Amatasunaren inguruko hausnarketa bat kontatzeko musika, kantua eta dantza uztartzen dituen ikuskizuna da AMAraun. “(Ama) izan ala ez izan” erabakitik abiatuko da emanaldia, eta horrek amatasunaren esperientzia batzuk agertzeko bidea eskainiko digu, ezagutzen ditugun ereduen eta gustatuko litzaizkigukeen ereduen arteko joan-etorrian. Enpatia eta aitortza ariketa bat amatasun mota guztiekiko, eta hausnarketa bat gizartean figura horrek betetzen duen paperarekiko.
Bertsoa eta dantza uztartzen ditu, baina ez bakoitza bere aldetik, kontakizun baten elementu banaezin bezala baizik: “Ez dugulako bertsoa dantzatuko, edo dantza bertsotan emango. Istorio bat kontatuko dugu eta horretarako eskura ditugun lengoaia guztiak baliatuko ditugu (musika, gorputza, ahotsa, hitza, espazioa, eszena...).
Kanpotik begiratu diote, (ama) izan edo ez erabakitzerakoan eragiten duten faktoreei, zalantza arakatuz eta amatasuna alaba gisa ere hausnartuz.