Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/02/13

Donibane eta San Pedroko alkateordeek “kezkaz eta arduraz” bizi dute muturreko itsasaldiek barruti horietan sorturiko egoera

Ainzane Taberna eta Miguel Mari Torrea zinegotziek ziurtatu dute lanean ari direla aurrerantzean uraren gainezkatzeek sor litzaketen kalteak arintzeko mekanismoak martxan jartzeko.

Azken egunotan alerta hori eta laranjak indarrean izan dira kostaldeko herri askotan muturreko eguraldiagatik. Itsasgoren inpaktua bizi izan duten herrietako bat izan da Pasaia, eta bereziki Donibane eta San Pedroko barrutiek jasan dituzte ur-gainezkatze agerikoenak. 

Hori horrela, bi barrutietako alkateordeek, Aintzane Tabernak eta Miguel Mari Torreak, hurrenez hurren, kezka adierazi dute itsasgorek eragindako kalteengatik.

Ez da lehenengo aldia”, aitortu du Tabernak, “baina, aldi berean, badakigu ez dela azkena izango, eta, beraz, ezinbestekoa da udaletik gure eskura dauden mekanismoak aktibatzea, urak gure herrietan izan lezakeen inpaktua arintze aldera”. 

Bide beretik mintzatu da Torrea, biak bizi baitira alkateorde diren barrutietan eta lehen eskutik ezagutzen baitituzte muturreko eguraldia dagoenean sortzen diren arazoak, baina sanpedrotarrak sentsazioa du egoera gero eta muturrekoagoa dela: “Beti sartu izan da ura plazetara, kaleetara eta zenbait lokal nahiz etxebizitzetara, baina esango nuke azken urteotan geroz eta ur gehiago sartzen ari dela, eta egoerari aurrea hartu behar diogu”.

Egunotan bizilagunek ere adierazi diete gauza bera: ur-gainezkatzeak handiagoak direla direla urtez urte. “Itsas maila ere gora doa, eta horrek, jakina, eragin nabarmenak ditu kostaldean bizi garenon egunerokoan”, aitortu du sanjuandarrak.

Testuinguru horretan, zinegotziak, Teo Alberro alkatearen gidaritzapean, lanean ari dira dagoeneko, hainbat prebentzio neurri indarrean jartzeko aukerak aztertzen. Ingurumen eta Zerbitzu sailekin elkarlanean, udaleko larrialdietarako ekintza-plana eguneratu eta indarrean jarriko dute, aurrerantzean antzerako egoerak gertatzen direnean, protokoloa aktibatu eta lagungarri izan daitezkeen udal zerbitzuak urgentziaz aktibatzeko (Udaltzaingoa, Babes Zibila, boluntario-taldeak, obra eta zerbitzuetako langileak, edota ingurumen arlokoak, besteak beste).

Plan hori koordinatzeko premiazko bilera deitu du udal gobernuak inplikaturiko sailekin, eta larrialdietarako protokoloa diseinatzeaz gain bi barruti horietan ezar liratekeen prebentzio- edo arintze-sistemak ere aztertuko dituzte bertan. Behin datu horiek bilduta, informazio batzorde ireki bat deituko du udalak bizilagunekin, egoeraren berri eman, eta harturiko erabakiak bertatik bertara azaltzeko.