Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/12/04
Teo Alberro: “Portuak ezin du gehiago uharte logika batean jarraitu”
Alkateak ekarpenak egin dizkio PPAren 2025-2030 Plan Estrategikoari. Gobernantza partekatuagoa, ingurumen kudeaketa zorrotza eta ekonomia urdin berritua galdegin ditu

Pasaiako Portu Agintaritza 2025–2030 Plan Estrategikoa lantzen ari da. Testuinguru horretan, eta Portuko Administrazio Kontseiluko kide gisa, Pasaiako Udalak hainbat ekarpen aurkeztu dizkio plan horri, etorkizuneko portuaren eredua herritarren ongizatearekin lerrokatzeko. Teo Alberro alkateak nabarmendu duenez, “Pasaiako herriaren eta portuaren arteko harremana modu partekatuan ulertzea ezinbestekoa da; portuak ezin du gehiago uharte logika batean jarraitu. Elkarlan instituzionala, gardentasuna eta jasangarritasuna izan dira gure proposamenen oinarriak”.
Alberroren iritziz, Plan Estrategiko berriak aukera ematen du “ikuspegi partekatu eta eguneratu bat errealitate bihurtzeko”, gobernantza partekatuagoaren, ingurumen-kudeaketa zorrotzagoaren eta ekonomia urdin berrituaren bidez. Proposamen-dokumentuan, Udalak identifikatutako behar nagusiak jasotzen dira, eta horiek Portu Agintaritzaren ekintza zehatzetan bilakatzea proposatzen da:
Hiri-portu harreman berria: parte-hartzea eta hurbiltasuna
Udalak argi du portuak ezin duela jardun eremu itxi eta isolatu gisa, eta gobernantza eredua eguneratzeko beharra azpimarratu du zentzu horretan alkateak. Alberroren iritziz, administrazioen arteko koordinazio egonkorra, informazio-partekatzea eta erabakietan tokiko ikuspegia txertatzea funtsezkoak dira portuaren garapena herritarren ongizatearekin uztartzeko.
“Pasaiak eta portuak elkarrekin egin behar dute aurrera; logika partekatu batek bakarrik emango du emaitza iraunkorra”.
Hau bermatzeko, zenbait neurri zehatz proposatu ditu Pasaiako Udalak. Kasu, Portu-Hiri Mahaia aktibatzea, badiako udalak, Aldundia, Jaurlaritza eta Portu Agintaritza elkartuz, eta erabaki lotesleak ahalbidetuko dituzten lan-eremuak sortuz, edota Herritarren leihatila sortzea bizilagunen kexa, iradokizun eta kontsultak jasotzeko.
Horrez gain, udalak hiri-portu mugak birdefinitzea proposatu du: portu eremu jakin batzuk pasabide, bidegorri eta igarobide publiko modura zabaltzea; eta ur bidezko lotura ahaztuak berreskuratzea, hala nola Antxo–Donibane motora zerbitzua.
Ingurumen-trantsizioa: portu neutroa 2050erako
Alberroren hitzetan, “herritarren osasuna eta ingurumenaren babesa ez dira hautazkoak; ezinbestekoak dira portu moderno eta lehiakor batentzat”. Hori dela eta, Udalaren ekarpenean lehentasunez jaso dira airearen kalitatea, zaraten kontrola, itsas jardueren eragina murriztea eta trafiko astunari alternatibak bilatzea.
Horretarako, plan estrategikoak ingurumen-kudeaketa zorrotzagoa eta jarraipen mekanismo argiak jaso behar dituela defendatu du alkateak. Besteak beste, aire-kalitatearen monitorizazio-sare iraunkorra ezarriz, zarata-neurketa homologatua egin eta 24 orduko informazio publikoa emanez, edota hautsak murrizteko tresna espezializatuak gaituz.
Mugikortasuna eta irisgarritasuna
Udalak argi du portuko trafikoak ez duela herriguneetatik igaro behar. Horregatik, ondoko neurriak proposatu ditu Pasaiak: kamioientzako sarbide eta irteera bereziak Trintxerpeko Anklan, Lezon eta Donibanen; trenbide bidezko garraioa lehenestea, edota trafiko astuna murrizteko plan integratua osatzea.
Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustuan, bestalde, badiako herriak lotuko dituzten bidegorri eta oinezkoen bide jarraituen alde egiteko eskaera egin dio Udalak Portuari. Baita portuko langileentzako irisgarritasun eta oinezko-plan integrala ere, autoaren erabilera murrizteko; edota motora zerbitzu publiko egonkorragoa, herrien arteko lotura azkartzeko.
Ekonomia urdin berritu eta inklusibo baten alde
Eskualdearen etorkizunak ekonomia urdin berritu eta jasangarri baten eskutik etorri behar du. Portuak bere historian izan duen pisua berrasmatzeko aukera du, baina oraingoan industria garbiagoetan, berrikuntza teknologikoan eta itsas sektorearen profesionalizazioan oinarrituta. “Horregatik, arrantza-sektorearen modernizazioan sakontzea proposatu dugu, lonjaren 2. fasea amaituz eta bertako jarduera hobetuko duten azpiegitura eta prestakuntza-ekimen berriak martxan jarriz”.
Itsas ingurunearekiko errespetuzkoak diren jarduera ekonomikoak lehenesteko ere eskatu du Udalak, eta Itsas Ikerketarako Polo Integral baten sorrera: ikerketa zientifikoa, energia berriztagarriak, itsas biodibertsitatea edo mugikortasun elektrikoa uztartuko lituzkeen gune bat, AZTI, Tknika, lanbide heziketako zentroak, Albaola eta Mater bezalako eragileekin sarean lan eginez.
Laburbilduz, Udalaren ekarpenek argi uzten dute portuak eta herriak elkarrekin jarduteko aro berri bati ekin behar zaiola.“Portuak gure herriaren parte izan behar du, ez gure ondoan dagoen eremu itxia. Bizilagunen ongizatea eta portuaren lehiakortasuna ez dira helburu kontrajarriak: ikuspegi bateratu, garden eta eguneratu baten bidez, norabide berbera har daiteke”.






