Eduki publikatzailea

Pasaiako alkateak Aldundiko Gizarte Zerbitzuei Antxoko barrutian dauden arazoen berri eman die

Pasaiako alkate Izaskun Gómezek irailaren 9an bilera izan zuen Maite Peña Gizarte Ekintzako diputatuarekin. Bilera horretan Antxoko barrutiaren egoera larriaren berri eman zitzaion Gipuzkoako Foru Aldundiari. Udalak kezka agertu zuen, eta bazterkeria-egoera larrian dauden kolektiboen arazoari aurre egiteko beharra azpimarratu zuen.

Izaskun Gomezek foru-arduradunei adierazi die ezinbestekoa dela kontrola indartzea, eta ghettoen sorrera ekiditea, gero bizilagunek pairatzen dituztelako ondorioak. Antxoko barrutian aniztasuna da nagusi, eta beti bizi izan dira elkarrekin arazorik gabe, baina gai honi berehala heldu behar zaio, kalte handiagoak sortu baino lehen.

Alkateak, besteak beste, adierazi du tutoretzapeko etxebizitzak era orekatuan banatu behar direla lurraldean, eta era horretako ekipamenduak dauzkaten udalerrietan mugatu egin behar dela horien ezarpena, esaterako Pasaian. 

Pasaiako alkate Izaskun Gomézek oso balorazio positiboa egin du bileraren emaitzaz: “Bilera giro positiboan egin da, eta pozik nago Aldundiaren jarrerarekin, eta arazo honi konponbidea emateko agertu duen prestasunarekin".

Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailarekin zenbait konpromiso lortu ditu udalak, besteak beste: tutoretzapeko egoitzak kudeatzen dituzten elkarteen arteko koordinazioa areagotzea. 

Horrez gain, Foru Aldundiak bazterkeria larriari buruzko azterketa sakonagoa egiteko konpromisoa hartu du, eta udalari egin beharreko jarduketen berri ematekoa. Halaber, eragindako alderdi guztien arteko koordinazioa areagotzea proposatu dute: Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, udala eta elkarteak.

Bestalde, Izaskun Gomez irailaren 10ean Antxoko bizilagunekin bildu zen. Bileran aurreko egunean Peña diputatuarekin hitz egindakoaren berri eman zuen. Horrez gain, adierazi zuen Alokabidek jada aldatu dituela Luzuriagako trastelekuen sarrailak, izan ere, trasteleku horietan okupazio irregularrak antzeman ziren. Iragarri du laster egingo dela gauza bera garajeekin. Ildo horretan, patruilak indartzen eta polizia-zaintza indartzen jarraituko dute eremu horretan, prebentzio gisa. 

Era berean, alkateak proposatu zuen bizilagunekin aldian behin biltzea, barrutiari buruzko informazioa, kezkak eta proposamenak elkartrukatzeko.

Pasaiako alkateak Antxorekin duen konpromisoa berretsi du, eta segurtasuna lehentasunezko kontua dela adierazi du; zaintza indartuz, bitarteko teknikoak jarriz, eta eskumena duten agintariei konpromiso argia eskatuz honi dagokionez. Halaber, Izaskun Gómez bizilagunei zuzendu zaie eta honako hau azpimarratu du: “gure babesa dute eta izango dute”.