Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/06/22

Muturreko tenperatura altuengatik alarma gorria dela eta, babesleku klimatikoak zabaldu ditu Udalak

Euskalmetek 40ºC-ra arteko maximoak aurreikusi dituenez gero, espazioak gaitu dira lau barrutietan jende zaurgarrienak babesteko aukera izan dezan

Eusko Jaurlaritzak, ekainaren 22an, alarma gorria aktibatu du Euskadin muturreko tenperatura altuengatik, lurralde osoari eragingo dion bero-gertakari oso bizi baten aurreikuspenaren aurrean. 

Alarma gorria 12:00etatik 20:00etara egongo da indarrean; tarte horretan, tenperatura maximoak 40ºC ingurukoak izatera iris daitezke.

Gomendio orokorrak

Datozen egunetan aurreikusten diren muturreko tenperatura altu eta iraunkorren aurrean, eta horiek eragin ditzaketen ondorio negatiboak prebenitzeko edo arintzeko autobabes-gomendioak jarraitzea aholkatzen du Pasaiako Udalak:

Gomendio nagusiena herritarrak etxean geratzea da, batez ere aire zabaleko berotik babesteko. Horrez gain, ariketa fisikoa egitea saihestea ere gomendatzen da eta hidratazio egokia mantentzea.

Honekin, Udalak Eusko Jaurlaritzak emandako gomendio nagusiak ere gogorarazi nahi ditu, Irekia webgunean kontsulta daitezkeenak (esteka honetan). Horien artean, hurrengoak dira aipagarrienak:

  • Etxea fresko mantentzea eta bero gehien egiten duen orduetan pertsianak eta leihoak itxita edukitzea.
  • Gauez etxebizitza aireztatzea, gelak freskatzeko.
  • Ur hotzeko dutxa edo bainuekin freskatzea, edo zapi hezeak erabilita aurpegian eta eskuetan.
  • Ezin bada etxebizitza fresko mantendu, igaro egunean 2-3 ordu klimatizatutako lekuetan, esaterako, udalak prestatutako espazio publikoetan.
  • Saihestu eguneko erdiko orduetan eguzkitan egotea.
  • Erabili kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babes egokia.
  • Jantzi arropa arina eta transpiragarria.
  • Saihestu jarduera fisiko bizia egitea, batez ere tenperatura handieneko uneetan.

Azkenik, biziki gomendatzen da osasun-langileekin kontsulta egitea halako sintoma hauek agertzen badira: ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa edo ordubetetik gora irauten duten alditxarrak.

Deshidratazioa saihestea

  • Edan maiz ura eta likidoak, egarri izan arte itxaron gabe.
  • Saihestu kafeina, alkohola edo azukre asko duten edariak, deshidratazioa errazten baitute.
  • Handitu fruta, barazki eta entsaladen kontsumoa gatz mineralak berritzeko.
  • Saihestu berora egokitzea zailtzen duten otordu oparoak, koipetsuak edo astunak.

Pertsona zaurgarrienak zaintzea

  • Arreta berezia eman haurtxoei, adingabeei, haurdun edo edoskitzaroan dauden emakumeei, adinekoei eta gaixotasunak dituztenei.
  • Ez utzi inoiz inor ibilgailu itxi batean, ezta itzalean ere.
  • Zaindu bereziki bakarrik bizi diren edo mendekotasuna duten adinekoak, haiek egunean behin gutxienez bisitatuta.

Behin behineko babesleku klimatikoak

Gomendio nagusiena etxean geratzea bada ere, etxebizitzak freskatzeko aukera ez dutenentzat behin behineko babesleku klimatikoak egokitu ditu Udalak egun hauetarako, 10:00-20:00 ordutegian:

Antxo: Kultur Etxea 

Donibane: Kulturguneko sarrera 

Trintxerpe: Alkateordetza:

San Pedro: Udal Aretoa (Erti)

Babesleku klimatikoak beroaz deskantsatzeko eremuak dira. Bertaratzen diren herritarrek tarte batez egon ahalko dute bertan ura eta komunak eskuragarri dituztela. Ez dira ordea egonaldi luzeak egiteko prestatuta dauden tokiak.

Gogorarazi beharra dago alarma egoera honetan eskuragarri jarri diren aldi baterako babesleku klimatikoetan ez dela laguntza medikurik eskainiko eta gaizki sentituz gero osasun-zentroetara jo behar dela eta kasuan kasu, larrialdi zerbitzura deitu (112).

Datozen egunak

Asteartean, ekainaren 23an, Euskalmetek aurreikusi du bero-gertakariak jarraipena izango duela, eta alerta laranja egongo dela muturreko tenperatura altuengatik 12:00etatik 20:00etara, bai eta alerta laranja ere tenperatura altu iraunkorrengatik egun osoan. Hori dela eta, bero-bolada bukatu arte aldi baterako babesleku klimatikoak irekita mantenduko ditu Udalak.

Larrialdirik suertatuko balitz, hauek dira harremanetarako ohiko telefonoak:

  • Udaltzaingoa: 943 00 43 00
  • SOS Deiak: 112