Eduki publikatzailea

Aldundiak antolatutako udalekuak eta gazte oporraldiak 2018

Izena emateko: martxoaren 14tik 26ra bitartean

Pasaiako Udaleko Gazteria Departamentuak jakinarazten du Aldundiak antolatzen dituen haurrentzako udaleku eta gazte oporraldietan izena emateko epea martxoaren 14an, asteazkena, hasiko dela. Udaleko departamentu hau Aldundiarekin lankidetzan aritzen da, udalekuei buruzko informazioa emanez eta Pasaian izena emateko aukera eskainiz, barruti bakoitzeko HAZeko bulegoetan.

Aurten bi egitarauetako izen-ematea data berberetan izango da.

Alde batetik, 7-13 urte bitarteko udalekuak Euskal Herriko hainbat tokitan izango dira uztailean eta abuztuko lehenengo hamabostaldian, bai euskaraz eta bai elebitan, 7 edo 10 eguneko txandetan. 

Aurrez izena emateko epea martxoaren 26ra arte egongo da zabalik. Haurrek banaka edo taldeka eman dezakete izena (gehienez ere 3 haur). Plazak apirilaren 10ean zozketatuko dira notario aurrean. Lehentasuna emango zaie aurreko urteetan parte hartu ez dutenei. 

Zozketaren emaitza eskutitzez jakinaraziko zaie; hala ere, nahi izanez gero, barrutietako HAZeko bulegoetan ere galdetu dezakete, akatsen bat egonez gero, erreklamazioa martxoaren 27tik 28ra arte aurkeztu ahal izateko.    

Plaza lortu dutenek ez dute berriz ere izena eman beharrik izango, nahikoa izango dute aldez aurretik gutun baten bitartez adieraziko zaien dokumentazioa zuzenean Aldundian aurkeztea jarritako epearen barruan. Hori eginda behin betiko matrikulatuta egongo dira. Bestela, eman zaien plazari uko egin diotela joko da.

Bestetik, 14-17 urte bitarteko gazteei zuzendutako Gazte Oporraldiak izeneko egitarauaren izen-ematea egun berean irekiko da. 

Udalekuak Euskal Herriko eta Estatuko 12 lekutan izango dira (Valentzia, Menorca, Avila, Zarautz,...), uztailean eta abuztuan, euskaraz eta gaztelaniaz, 7 eta 10  egunetako txandetan.

Udaleku horiek ingurune natural erakargarrietan izango dira, eta jarduera ugari egingo dute gazteek: abenturazko jarduerak, ur jarduerak, aisialdikoak, festak, gaika antolatutako gau-jaiak. Jatorri ezberdinetako gazteekin jarduerak partekatuko dira.  

Informazio gehiago jasotzeko edo izena emateko, HAZeko bulegoetara jo behar da 8:00etatik 14:00etara; edo 943-344034 telefono-zenbakira deitu.