Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/12/03
“Aldaketarako Marea” ekimenari amaiera emango zaio musikaz beteriko festa batekin
Abenduaren 12an, San Pedron
Aurten bigarren aldiz, Pasaiako Udalak, MATERREK, CIMASUBek, Buceo Donostik eta Aztik “Aldaketarako Marea” ekimena abiarazi zuten iraila bukaeran. Ordutik hona, ia 40 ekintza antolatu eta gauzatu dituzte, itsas-zaintza, ekonomia zirkular eta aldaketa klimatikoaren inguruan herritarrak sentsibilizatzeko asmoz.
Ekimenen artean CIMASUBen Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloa ekarri dute Pasaiara, oraingoan Trintxerpe eta San Pedrora. Era berean, MATERREN eskutik zenbait itsas-hondakinen arrantza ekimenetan parte hartzeko aukera izan da eta Jaizkibelgo kaletako hondakin-bilketetan ere bai. Horietan jasotako hondakinak, Buceo Donostik itsas-hondotik jasotako hondakinekin batera, erakusketa ibiltari batean jarri dira ikusgai: lehendabizi Donibaneko Bizkaia Plazan eta ondoren, Antxon eta Trintxerpen.
Aurten berrikuntza gisa, Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen Asteklima ekimenera atxiki da Udala, eta esparru horretan ipuin kontalaria eskaini da Antxon eta San Pedron, eta Erroteta eta Molinaoko erreken laginketa ere egin da Pasaiako haurrekin. Bertan izan zen Iraitz Pazos Ingurumen zinegotzia, eta nabarmendu du “Aldaketarako Marea” Pasaiarentzat “estrategikoa” dela: “Urteak daramatza Pasaiak aldaketa klimatikoaren kontzientziazioan aurrerapausoak ematen, baina ekimen honek erakusten du herri oso baten indarra batuta, gauzak benetan mugi daitezkeela. “Aldaketarako Marea” ez da jardueren bilduma soil bat: ohitura eta kontzientzia aldaketa baterako oinarri sendoa da, eta gure herriak argi erakutsi du beste behin ere prest dagoela trantsizio ekologiko sendo eta komunitario baten alde egiteko”.
Era berean, zinegotziak aurtengo edizioaren balorazio oso positiboa egin du: “Parte-hartzea eta eskaintza handitu egin dira, adin guztietako herritarrek euren lekua aurkitu dute programan, eta askotariko erakunde, elkarte eta eragileen arteko lankidetza eredugarria izan da. Pasaiak badu zer eman eta zer erakutsi ingurumenaren alorrean; aldaketa ez da etorriko kanpotik, herritik sortzen ari da”.
Horrez gain, azaroaren 15ean Europako Hondakinen Prebentziorako astea hasi baino egun batzuk lehenago, Molinao errekaren garbiketa auzolanean egin zen, bertara hurbildu ziren norbanakoen eta ludotekako haurren laguntzarekin.
Aurtengo edizioari bukaera emateko festa bat antolatuko da abenduaren 12an. San Pedroko Proisako estalkian izango da 17:30etik aurrera, eta sarrera librea izango da. Edizioan zehar bizi izandako esperientziak partekatuko dira, eta musika izango da protagonista.
Izan ere, 17:30ean material birziklatuekin eginiko musika instrumentuen tailerra egongo da haur eta familientzat Trakamatrakaren eskutik.
Ondoren, “Aldaketarako Marea” ekimenaren baitan bizi izandako esperientzien kontakizuna egingo da; eta, amaitzeko, sortutako instrumentuekin kontzertua eskainiko da.







