Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/09/18

Iritsi da berriro “Aldaketarako Marea” herrira!

Ingurumen eragileek bat egingo dute aurten ere itsasoaren zaintzaren alde, eta ekimenak antolatu dituzte iraila-abendua bitartean   

Iaz, lehenengo aldiz, Pasaiako Udalak, zenbait ingurumen eragileekin indarrak batu eta Aldaketarako Marea izeneko ekimena martxan jarri zuen. Aldaketarako Mareak hilabete iraun zuen, eta bertan Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloa, horri lotutako argazki erakusketa, itsas-hondotik zein itsasoko uretan jasotako hondakinen erakusketa eta antzeko ekimenak antolatu ziren.

Aurten bigarrenez ekingo zaio Aldaketarako Mareari, eta eragile berriak batu dira, hala nola, AZTI itsasoarekin lotutako arlo ezberdinetan aditua den zentro zientifiko eta teknologikoa, Pasaia Kayak kluba eta Laurak Bat merkataritza elkartea. Proiektuan Pasaiako Udala, MATER, Itsas Zaintza Sarea, Buceo Donosti eta CIMASUBek jarraitzen dute.

Nobedade gisa, Pasaiako Udalak Astekliman hartuko du parte herritarrentzako hainbat ekintza eskainiz.

Hala mintzatu da Iraitz Pazos Lapido Ingurumen zinegotzia kanpainaren aurkezpen ekitaldian: “Bigarren aldiz hemen dugu Aldaketarako Marea, inoiz baino eragile gehiago eta ekintza gehiago bilduta. Ingurumenaren zaintza urgentziazko gaia da, eta ezinbestekoa dugu elkarlana herritik abiatzea, herritik haratago joango den aldaketa bat lortze aldera. Pasaia berriro izango da ingurumenaren zaintzaren eta elkartasunaren epizentro, eta proiektu hau aldarrikapen ozen gisa ere ulertu behar dugu: gure itsasoaren eta gure ingurunearen defentsa guztion ardura baita. Eta Pasaia, beste behin, bide horretan eredu dugu”.

2025eko Aldaketarako Marearen helburua da itsas-zaintzan, ekonomia zirkularrean eta aldaketa klimatikoaren inguruan herritarrak sentsibilizatzea, saretzea eta inplikatzea, eta horretarako hainbat ekitaldi egingo dira. Aurrekoan bezala, CIMASUBen Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloa egingo da, baina oraingoan, kokapen aldaketarekin: lehenengo eta hirugarren saioak (urriak 16 eta 30) Trintxerpeko Alkateordetzan eskainiko dira eta bigarrena San Pedroko Udal Aretoan. Argazki erakusketa, berriz, Trintxerpeko Alkateordetzan egongo da ikusgai. Era berean, MATERren eskutik  itsas-hondakinen arrantza ekimenetan parte hartu ahal izango da. Horietan jasotako hondakinak, Buceo Donostik itsas-hondotik jasoko dituen hondakinekin batera, erakusketa ibiltari batean ikusgai egongo dira: lehenengo, Donibaneko Bizkaia Plazan eta ondoren, Antxon eta Trintxerpen.

Buceo Donostiako ordezkaria den Oscar Mayor “guri ikusten ez den zatia egokitu zaigu: ur azpiko zatia. Kanpoko guztia oso ikusgarria delako, denok konturatzen gara zer zikinkeria pilatzen dugun kaleetan, itsasertzean... baina hor behean gertatzen dena guk bakarrik ikusten dugu. Hala ere, benetan harro gaude gure lanaz”.

Aurten, berrikuntza gisa, Udala Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen Asteklimara atxikiko da eta horren baitan ipuin-kontaketa eskainiko du Antxon eta San Pedron eta Erroteta eta Molinaoko erreken laginketak egingo ditu Pasaiako haurrekin.

Horrez gain, urriaren 18an AZTIk ate irekien jardunaldia antolatuko du, bere laborategiak, gai teknologikoak eta lan-ildoak ezagutarazteko.

Julien Mader, AZTIko zuzendari teknologikoaren hitzetan: “oso pozik gaude programa honetan parte hartzeagatik. Gure zentro teknologikoko ateak urriaren 18an herritar guztiei irekitzea da asmoa. Hurbil zaitezte, zatozte familiarekin edo edonorekin, eta ikerketa-zentro batetik gure itsas ingurunearen aldeko aldaketa hori ahalbidetzen nola lagun dezakegun jakiteko aukera izango duzue”.

Baina badira berrikuntza gehiago ere: azaroaren 15ean, Europako Hondakinen Prebentziorako astea hasi baino egun batzuk lehenago, Molinao errekaren garbiketari auzolanean egiteko deia egingo dute MATERrek eta Pasaiako Udalak. Bio eta Zabor ere bertaratuko zaizkigu, eta profesionalek garbiketa-lanak nola egiten dituzten ere ikusi ahal izango dugu.

Era berean, azaroaren 20an, Pasaiako Udalak landu duen Babesleku Klimatikoen sarearen aurkezpena egingo du.

MATERren eskutik “Kostaldea ikertzen” ekimenean parte ahal izango dute herritarrek. Bertan, Natura 2000 Sarean dauden Jaizkibelgo kaletako aberastasun naturala esploratuko dute oinezko txangoen bitartez. Parte-hartzaileak tokiko biodibertsitatearen azterketan murgilduko dira, espezie autoktonoak eta inbaditzaileak identifikatuz eta uraren kalitateari eta itsas zaborren kutsadurari buruzko datuak biltzen lagunduz. Herritarren zientziari buruzko doako jarduera horiek eremuaren ingurumen-jarraipena egiten laguntzen dute, AZTERTU, MARNOBA eta ITSAS BEHATZAILEAK plataformekin informazioa partekatuz.

Izaskun Suberbiola, MATERreko zuzendariaren esanetan: “Argi dugu zein den norabidea: denok batera bide berean gure ingurunea zaintzen jarraitzea. Aldaketarako Marea horren sinbolo da, konpromiso kolektiboarena”.

Pasaiako haurrekin “Zigarrokinen rally-a” sustatzeko asmoa ere badu Udalak, zigarrokinak tutu gardenetan jaso eta erakusgai jartzeko.

Hori guztia borobiltzeko, abenduaren 12an 18:00etan San Pedroko frontoian Aldaketarako Marearen bukaerako festa egingo dugu Bio eta Zaborrekin eta bertan ikuskizunak, tailerrak, sariak, etab izango dira.

40 ekitaldi inguru

Guztira 40 ekimen inguru antolatuko dira irailaren 20tik abenduaren 20ra bitartean. Ekimen guztien zerrenda eta xehetasunak udal webgunean eta sareetan kontsulta daitezke. Izan ere, ekimen batzuetan parte hartzeko izena eman beharko da (MATERren webgunean).

EGITARAUA