Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/09/19
Ingurumen eragileek bat egin dute Pasaian, itsasoaren zaintzaren alde
‘Aldaketarako marea: itsasoaren zaintzaren aldeko hilabetea’ izeneko kontzientziazio proiektua aurkeztu dute gaur goizean Donibaneko Bizkaia plazan Udalak eta ingurumenaren zaintzaren alde diharduten inguruko zenbait elkartek.
Munduko Itsas Egunaren aterkipean (irailaren 26a), hilabete osoko egitaraua jarri dute gaur jendaurrean ekimenaren sustatzaileek: Pasaiako Udala; MATER Ontzi Museo Ekoaktiboa; CIMASUB Nazioarteko itsaspeko Zinema Zikloa; Libera proiektua; Buceo Donosti; Itsas Zaintza Sarea eta Red de Vigilantes Marinos.
Prentsaurrekoan Iraitz Pazos Pasaiako Udaleko Ingurumen zinegotziak hartu du lehen hitza: “Harro egoteko modukoa da gaur hona bildu gaituen arrazoia. Izan ere, benetan pozgarria da hainbeste eragile bat eginda ikustea itsasoaren zaintzaren alde, eta Pasaia izatea saiakera horren epizentro”. Pazosek aldarrikatu du ezin dela ahaztu gai honek “benetako larritasuna eta ekintzarako premia” duela, eta Pasaiako Udalaren konpromisoa berretsi du halako saiakeren alde egiten jarraitzeko.
MATER Ontzi Museo Ekoaktiboaren izenean, Izaskun Suberbiola zuzendariak hartu du hitza: “Guk hiru ekintza-mota garatuko ditugu programa honetan, hiruak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailarekin lankidetzan. Jarduera guztiak doakoak dira eta aurrez erreserbatu beharrekoak: hilaren azken igandeetan Alabortzako itsas hondakinen bilketa egingo dugu; Jaizkibel-Uliako ingurumen egoeraren jarraipena egingo dugu Kostaldea Ikertzen ekimenaren baitan, kostaldeko hainbat txangorekin; eta itsas hondakinak eta mikroplastikoak arrantzatzeko irteerak egingo ditugu itsasora”. “Horrez gain”, jarraitu du Suberbiolak, “Aldaketaren marea ekimenerako beste hainbat sentsibilizazio eta ingurumen hezkuntza euskarri kaleratuko ditugu zenbait erakusketatan: ZABOR, Itsas Hondakinen Munstroa, eta BIO, Bizitzaren Sarea, eta panel bereziak ipiniko ditugu, itsasoko hondakinei buruzko kontzientzia hartzeko eta baita horri aurre egiteko ditugun konponbide kolektibo zein banakakoak azaltzeko ere”.
Pasaiak aurten berriro hartuko du CIMASUB Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloa, itsas hondoaren aberastasuna ezagutaraztea eta ozeanoarekiko maitasuna eta errespetua sustatzea helburu dituena. David Sanchez CIMASUBeko zuzendariak nabarmendu duenez, "Pasaiak itsaspeko zinemarik onenaz gozatzeko aukera izango du eta planeta osoko itsas hondoetan gertatzen ari dena ezagutzeko aukera izango du. Hiru ostegunez jarraian, irailaren 26an, urriaren 3an eta 10ean, Juanba Berasategi auditoriuma izango da proiekzio horien eszenatokia, 19:00etan. Gainera, bertaratzen direnek CIMASUBren azken edizioko urpeko irudi onenak biltzen dituen argazki erakusketa bat bisitatu ahal izango dute, eta inguruko ikastetxeek Txikiziklo itsaspekoaz gozatu ahal izango dute, txikienentzako ziklo berezia. Sarrera librea eta doakoa izango da”. Hala amaitu du Sanchezek: “Zinemaren eta argazkigintzaren bidez, CIMASUBek ozeanoen edertasuna eta biodibertsitatea erakusten ditu, eta, aldi berean, sentsibilizazio-lana egiten du, giza ekintzaren ondorioz horiek zein egoera kritikoan dauden erakutsiz”.
Mari Paz Lopez eta Oscar Mayor Buceo Donostiko kideek itxi dute ekitaldia: "Zoritxarrez, gure hondoez gozatzera gonbidatuta gauden urpekariok, hondakin eta zabor pila batekin egiten dugu topo. Hiriguneetatik, kirol-jardueratik, laketontzietatik eta ibaien bokaleetatik zenbat eta hurbilago egon, orduan eta hondakin gehiago dago, eta arazoa are handiagoa da. Mota guztietako hondakinak aurkitzen ditugu: edari eta janari latak, kristalezko eta plastikozko botilak, zapatak, botak, kamisetak, pilak, bateria mugikorrak, kuboak, eta abar luze bat ".