Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2023/12/05

Aldaketak Hospitalillo inguruan, Adinberriko lanen ondorioz

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du Trintxerpeko Adinberri Zahartze Zentroa eraikitzeko lanen ondorioz, Euskadi etorbideko bi zuhaitz moztu beharko dituztela. Abenduaren 22an egingo dute hori.

Obraren zuzendaritzan diharduten teknikariek jakinarazi dute lur azpian sartu behar diren azpiegiturentzako kanalizazioak direla medio, bi zuhaitz moztu beharko dituztela lan horiek egikaritu ahal izateko. Portu eremuan daudenez, Pasaiako Portu Agintaritza izan da jarduketa baimendu duena eta, ostean, Pasaiako Udalari jakinarazi dio aldundiaren beharra.

Edonola ere, obraren erakunde arduradunak ziurtatu du Adinberri proiektuak Trintxerpeko zonalde horretan hamasei zuhaitz berri eta hainbat zuhaixka landatzea aurreikusten duela.

Trafiko aldaketak

Jarduketen ondorioz, Adinberri inguruan zenbait trafiko aldaketa izango direla ohartarazi du Pasaiako Udaltzaingoak. 

Horrenbestez, abenduaren 11n, astelehena, Hospitalilloko aparkalekurako eta kairako sarbideak aldatu beharko dira: zonalde horretara portutik sartzeko sarbidea itxi egingo da, eta horren ordez, Euskadi etorbideko 47. zenbakiaren aurrean (taxi geltokia) arrapala bat irekiko da, parking eta kaia eremura bertatik sartu ahal izateko.