Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/10/08
DOCOMOMO nazioarteko arkitektura-aitortza jaso du Trintxerpeko BITA eraikinak
DOCOMOMOren 2.461. plaka ezarri dute La Redería izenez ezaguna den Trintxerpeko eraikinean. Hala, hiru dira Pasaian aitortza hori jaso duten azpiegiturak.
Urriaren 7an, Arkitekturaren Mundu Egunarekin bat eginez, urtean behin DOCOMOMO nazioarteko elkarteak eraikin bati ezartzen dion plaka ipini da Trintxerpeko BITA eraikinean (La Redería izenez ezaguna dena). Eraikin hori Fausto Gaiztarro arkitektoak egin zuen 1946 -1947 urteen artean. Ekitaldian izan dira arkitektoaren senideak, tartean, Beatriz Gaiztarro alaba.
Eraikuntza hori Mugimendu Modernoaren adibide nabarmena da, 1925. eta 1965. urteen artean eman zena. Zehazki, industria eraikuntza hau merkatu, biltegi eta arrantza-sareak tindatu eta lehortzeko espazio gisa erabili zen, horregatik ezagutzen da La Redería izenarekin. Arrantza-jardueraren gainbehera iritsi zenean eta nylonezko sareak erabiltzen hasi zirenean (tindatzeko eta lehortzeko espazio handirik behar ez zutenak), eraikuntza horren erabilera aldatu egin zen eta bulego-eraikin bihurtu, gaur egun ezagutzen dugun bezala.
Aitortza ekitaldia 12:00etan hasi da, BITA eraikinaren aurrean. Bertan lehen hitza hartu du Juana Otxoa-Errarte, Gipuzkoako EHAEOko presidenteak, eta ondotik mintzatu dira, hurrenez hurren, Iraitz Pazos Trintxerpeko alkateordea eta Hirigintzako zinegotzia; Aitor Brion, Kultura eta Ondareko zinegotzia, eta Fausto Gaiztarroren senideetako bat. Ondoren, Ezekiel Collantes arkitekto doktoreak eraikinaren historiari eta garai hartan Gipuzkoan hain goraldian zegoen arkitektura industrialarekin izan zuen harremanari buruzko hitzaldi txiki bat eman du.
Pazosek honakoa nabarmendu du: “Hirigintza alorretik, badakigu arkitektura ez dela azpiegiturak eraikitzea bakarrik. Ez da soilik zementua. Gure herriak osatzen dituzten eraikinak eta espazioak historiaren lekuko isilak dira, gure balioak islatzen dituzte, eta gure ingurunearekin dugun harremana baldintzatzen dute. Gaur ondare arkitektonikoaren kontserbazioarekin dugun konpromisoa berresten ari gara, baina baita etorkizunari begira ere. Hirigintza modernoak oreka bilatu behar baitu memoria historikoaren eta egungo hiriaren beharren artean”.
“BITA eraikinean DOCOMOMO plaka hau jartzeak ez du soilik balioan jartzen Fausto Gaiztarro bezalako arkitekto handi baten lana”, hasi da Brion, “ondareak gure komunitateen bizitzan duen garrantziaz hausnartzera gonbidatzen gaitu. Ondare kulturala eraikin edo monumentu multzo bat baino askoz gehiago da. Gure tradizioak, oroimena eta etorkizuna lotzen dituen haria da. Ildo horretan, La Rederíari gaur egiten diogun aitorpen hau hemen lan egin zuten emakume eta gizon guztiei egindako omenaldia da, arrantzarako sareak ez ezik, Trintxerpeko funtsezko parte izaten jarraitzen duten giza, gizarte eta kultur sareak ere ehundu zituztelako”.
Ekitaldia amaitzeko, Adinkide elkarteko emakume talde batek emanaldia eskaini die bertaraturiko guztiei. Interpretazio horretan, ehuntze-lanak metafora bilakatu dituzte, bertan bizi izan ziren pertsonen arteko loturak nola sortzen diren erakusteko.
Aitortza honekin, 2.464 dira DOCOMOMO plaka duten eraikinak, horietako hiru pasaitarrak: Javier Marquinaren Transatlántico eraikina, Jose Maria Yturriagaren Madre Pilar Izquierdo haurtzaindegia, eta Fausto Gaiztarroren Bita erakina.