Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/06/20

Teo Alberro: “Bi urte hauetan guzti hau egin dugu. Herritarrekin, eta herritarrei esker”

Agintaldi Planean aurkeztutako neurrien %60 martxan dela iragarri du alkateak

2023ko ekainaren 17an hartu zuen agintea Pasaiako Udal Gobernu berriak. Ordutik bi urte igaro direnean, “gardentasunez eta konpromisoz” gidaturiko agintaldi erdiaren balorazioa egin du Teo Alberro Bilbao alkateak. Iragarri du 100 neurriz osatutako Agintaldi Planean jasotako konpromisoen %60 eginda edo amaitze bidean daudela, eta %27, martxan.

Agintaldi Planaren lehen aurkezpenean adierazi bezala, gobernuak herritarren bizi-baldintzak hobetzeko helburua hartu zuen ardatz: Gizarte Ekintza departamenturako inbertsioa handituz kolektibo zaurgarrienen alde eginez, zaintzak duintzeko baliabide berriak jarriz, kultura eta euskara lau haizetara sustatuz,  feminismoaren eta LGTBIQ+ kolektiboaren defentsarako azterlan eta proiektuak martxaraziz, eta trantsizio ekologikoan aurrera egiteko planak abiaraziz, besteak beste.

  • Zaintza, lehen lerrora: Etxez etxeko laguntza zerbitzurako inbertsioa handitu da, eta horrekin batera, langileen lan-baldintzen hobekuntzak sustatu dira. Guzti hori zerbitzua jasotzen duten pasaitarren arretan islatuko da.
  • Aparkalekuaren ordenantza: Urte luzez egin gabe egon den aparkaleku ordenantza dagoeneko martxan da, eta espazio publikoaren erabilera bizigarriagoa xede.
  • Etxebizitza politiketan aurrerapausoak: Pasaia “tentsionatutako eremu” izendatzeko eskaera egiteko beharrezko diagnostikoa dagoeneko jaso da, eta ekintza-plana garatzen ari da Udala orain.
  • Kale-garbiketa zerbitzuaren indartzea: Uda sasoian igandeetako kale-garbiketa zerbitzua aktibatu da lehen aldiz, eta zerbitzuaren eguneroko kalitatea hobetzen jarraitzeko konpromisoa dago.
  • LGTBIQ+ bizitzak: Komunitatearen egoerari buruzko diagnostikoa garatu da, herritarren eskubideak kontuan hartuko dituen politikak planifikatzeko.
  • Irisgarritasuna eta obra berriak: Luzuriagako obra abiatu da; Trintxerpeko garajeen eraikina eta horrekin lotuta doan igogailuaren lizitazioa atera da; San Pedroko kioskoaren erabakia herritarrekin hartu eta eraitsi da; Meipiko bi igogailuak amaitu eta bigarrena datorren astean hasiko da martxan; Azkuene goiako baratzeen proiektua aktibatu da;  kirol instalazioetan hobekuntzak egin eta materiala berritu da; eta herritarrekin diseinatutako Gure Zumardiaren obra aurki abiatuko da.
  • Hondakinen kudeaketa eta birziklapena: Birziklatzeko kanpaina berriari esker, %5,5 egin du gora birziklapen tasak urte bakarrean.
  • Udaltzaingoaren egokitzapena: Udaltzaingoaren barne-antolaketan aldaketak egiten ari dira, oinezko patruilak areagotu eta zerbitzua hurbilagoa izan dadin. Lan poltsa propioa sortzeko bideari ere ekin zaio.
  • Tokiko merkataritzaren sustapena: Tokiko merkataritzaren aldeko kanpainak eta dinamizazio ekimenak bultzatu dira, besteak beste, herriko komertzioen promoziorako pantaila berriak jarriz, eta Laurak Batekin hitzarmena berrituz.
  • Fiskalitatea eguneratzen: Udalak bideari ekin dio udal-zerga eta tasen inguruko araudia eguneratzeko. Neurriak diseinatzen ari dira herritarren ekarpenak euren egoera ekonomikoaren arabera egokitzeko.
  • Portuaren eraginagatiko konpentsazioa: Pasaiarentzat kalte-ordain egokiak bilatzeko lanean ari da jada Udala, Portuarekin eta Aldundiarekin eseri delarik jada.
  • Kanpora begirako barne-antolaketa: Zaharkitutako ordenantzak eguneratzeari ekin zaio, aspaldiko araudiak egungo errealitatera egokitzeko. Langileen balorazio-prozesua ere martxan jarri da, urte luzez egindako eskaerari erantzunez, eta udalaren funtzionamendu egokiagoa eta eraginkorragoa bermatzeko.
  • Herritarren ahotsa, erabaki publikoen oinarrian: Udal jarduna pasaitarren kezkak eta beharrak hobeto jasotzeko helburuarekin egokitzen ari da gobernua, administrazioa eta herritarrak gerturatzeko. Horren adibide dira azken hilabeteotan bultzatu diren parte-hartze prozesu guztiak.

“Bide horretan beste urrats garrantzitsu bat izan da Barruti Batzarren sorrera”, aipatu du alkateak. Lau barrutietan egindako lehen bileretan, udalburuak eta udal ordezkaritza zabal batek parte hartu dute, maiatzean eta ekainean. Bilera horietan jasotako kezkak eta proposamenak sistematizatzen ari da Udala, eta herritar guztiei itzuliko zaie informazio hori. Aurrerantzean, batzar hauek urteroko dinamika bihurtuko dira, eta ondorengo bileretan aurreko urteko proposamenen garapenaren berri ere emango da.

Hala amaitu du Alberrok: “Laburbilduz, paralizatuta zeuden proiektu, eskaera eta araudiei errotik heldu eta horiek aktibatzeari ekin diogu hasieratik, konpromisoz. Herritarron behar eta aldarrikapen historikoak izan diren horiei entzungor egitea ez da aukera bat guretzat, eta administrazioaren denborek eta burokraziek erabakiak moteltzen badituzte ere, ari gara, eta zorionez, Pasaia hasi da egindako lanaren emaitzak ikusten”.

“Abiadak ez dira errazak, baina gai estrategikoei merezi duten denbora eskaintzeak eta erabaki horietan bizilagunen hitza txertatzeak emaitza sendo eta erabakigarriak dakartza. Eta ikusten ari gara: aparkalekuaren ordenantza martxan jartzea; etxez etxeko arreta zerbitzuan ekarpena handitzea; jaietako protokolo feminista eta LGTBIQ+ bizitzen azterketa; 65 urtetik gorakoen diagnostikoa; Pasaia tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera;  Portuarengatiko konpentsazioa exijitzea; hiri-garbiguneen eta birziklatze kanpainaren emaitzak; Bokale Euskararen Aholku Batzordeari izaera juridikoa aitortzea; Haur eta Nerabeen parte-hartzea sustatzea udal politiketan; HAPOa elkarrekin diseinatzea... Guzti hori egiten ari gara, eta jarraituko dugu. Herritarrengatik, eta herritarrei esker”.