Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/05/07
Udara bitarte 60 ekimen baino gehiago antolatuko dira Pasaian
Musika, dantza, antzerkia eta literaturaz gain, zenbait jaialdi ospatuko da maiatza-uztaila bitartean

Udara bidean, 60 ekimen baino gehiago antolatuko dira Pasaian. Izan ere, maiatza-uztaila bitarte musika, antzerkia, dantza, euskara eta ingurugiroarekin loturiko ekintzak izango dira 4 barrutietan. Horien artean: Pasaia Itsas Festibala, Gora Herriak, Musikaz Blai edota Pasaia Dantza Festibala. Horiei buruzko xehetasunak eta ordutegiak eskuorri batean jaso dira eta herritar guztiei etxez etxe banatu zaie, informazio guztia eskura izan dezaten.
MAIATZA
Lehen ekimena Pasaiako Euskaltzaleen Sareak antolatutako Eusfera izango da. Haurren ingurunea euskaldunagoa izatea nahi duten familientzako ekimen hauek Antxon eta Trintxerpen izango dira maiatzaren 7tik 17ra bitartean. Ordutegi zehatzak @Epasaia-ko sareetan kontsulta daitezke.
Moliño Festa ere maiatzean ospatuko da, 9an zehazki. Egun horretarako Mendi lasterketa, bazkari herrikoia, Tapia eta Leturiaren kontzertua eta txarangak antolatu dira.
Maiatzaren 10ean Kaka antzezlanarekin gozatzeko aukera izango dute pasaitarrek Donibanen.
Halaber, hilabete honetan izango dira Irakurketa Klubaren saioa, Zapata Gorriak lanaren ipuin kontaketa 4 barrutietan, Mintzodromoa edota Ibon Salaberriaren kontzertua.
PIF 2026
Pasaia Itsas Festibalaren aurtengo edizioa maiatzaren 14tik 17ra bitartean ospatuko da eta itsasontziak ikusi eta bisitatzeko, kontzertuetara joateko eta ikastaroak egiteko aukera izango dute bertaratutakoek. Udalaren eta festibalaren webgunean ikus daiteke egitaraua.
Parketarrak eta Gora Herriak
3-5 urteko haurrei eta beraien guraso eta arduradunei zuzendutako Parketarrak egitasmoaren beste edizio bat izango da maiatzean hasi eta ekainera arte.
Parketarrak egitasmoaren helburu nagusia da familia bidezko hizkuntza-transmisioan eragitea, eta horretarako, haurrak eta gurasoak elkarrekin euskaraz jolastu daitezen espazioak sortzea.
Gora Herriak kultur topaketak ere egitarau berezia prestatuko du, Palestina herria erdigunean jarriz. Egitarau zehatza udalaren eta Bixi-Bixi elkartearen sareetan izango da ikusgai.
EKAINA
Musikak eta dantzak izango dute protagonismo handiena ekainean zehar. Izan ere, Musikaz Blai jaialdia ekainaren 4an hasi eta 13ra arte luzatuko da. Bertan, kontzertuak, kalejirak, alardeak... antolatuko dira Trintxerpen.
PDF (Pasaiako Dantza Festibalaren) aurtengo edizioa ekainaren 11tik 14ra izango da. Antolatzaileek zenbait sorpresa iragartzeke badituzte ere, ez dira faltako erakustaldiak, herri ekimenak, barra klasikoa edota txapelketak.
Ekainaren 21ean Alfonso Zarranzen oroimenezko argazki rallya izango da.
Jaien garaia iritsiko da ondoren eta horien hasiera ekitaldia Trintxerpen izango da, ekainaren 20ean 12:00etatik aurrera.
Udari ongi etorria emateko, ohi den bezala, San Juan suak piztuko dira Pasaian.
Sanpedroak ekainaren 26tik 30era izango dira.
UZTAILA
Sanferminak uztailaren 3tik 8ra izango dira. Karmenak uztailaren 15etik 19ra eta Santioak uztailaren 24tik 31ra.
Jai bakoitzaren egitaraua ondorengo hilabeteetan argitaratuko du Udalak.
Mater museoa
Materretik itsas ingurunea ezagutzeko, maitatzeko eta babesteko plan ugari antolatu ditu datozen hilabeteetan. Horiek guztiak Udalaren agenda digitalean jasoak daude.
Sarrerak eta azken orduko aldaketak
Ekimen guztien zerrenda, sarreren salmenta eta xehetasun guztiak udal webguneko Agenda atalean eta sare sozialetan kontsulta daitezke, eta ordutegi edo datetan azken orduko aldaketarik izanez gero, horiek ere bertan argitaratuko dira.






