Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/02/17

Udal gobernuak komunikazio bide berriak ireki ditu herritarrengana hurbiltzeko

Web agenda eta Telegram kanal berriak martxan, herriko informazioa eskuragarriago egiteko.

Agintaldi hasieratik udal gobernuak herritarrekin komunikatzeko bide berriak urratzeari ekin dio. Horrekin bat, jakina denez, hartutako lehen neurria Alkateordetzak berrezartzea izan zen, baita Komunikazio eta Parte-hartze teknikarien kontratazioa ere. “Apustu garbia egin genuen hasieratik: udala herritarrengana gerturatzeko eta aldebiko komunikazioa berraktibatzeko mekanismoak martxan jartzea”, mintzatu da Teo Alberro alkatea.

Horrez gain, kultur agenda herriko etxebizitza guztietara helarazi da, eta barrutietan LED pantailak instalatzeko erabakia hartu zen, Laurak Bat elkartearekin elkarlanean. Horietako bi dagoeneko martxan daude, San Pedrokoa eta Donibanekoa 2025eko lehen hiruhilekoan instalatzea aurreikusi da.

Web agenda eta Telegram kanala

Bide horretan urrats gehiago egin ditu berriki Pasaiako Udalak. Zehazki, agenda digital berria eta Telegram kanala aurkeztu dituzte gaur goizean alkateak eta Komunikazioko zinegotzi Iraitz Pazosek. “Bistakoa zen bete beharreko hutsune bat zegoela herrian; antolatzen diren ekimen guztiak multzokatu eta kontsultatu ahal izateko erremintarik ez zegoen”, azaldu du Pazosek. “Horregatik, udal eskaintza eta eragileen jardueren programazioa bateratuko dituen atal berezia sortu dugu webgunean. Atal dinamikoa eta erabilerraza sortzea izan dugu helburu, guztien eskura egongo dena”, amaitu du Komunikazioko zinegotziak.

Web agenda hori dagoeneko prest eta ikusgai dago www.pasaia.eus/agenda estekan. Bertan topatuko dute pasaitarrek herrian antolatzen diren askotariko ekitaldien inguruko informazio zehatza eta eguneratua.

Horrez gain, Telegram kanal bat ere irekitzea erabaki dute udal arduradunek, informazio-jario eroso eta eskuragarrirako bide berri bat zabaltzeko udalaren eta pasaitarren artean. @PasaiakoUdala kontuan udal albiste eta abisuak zabalduko dira aurrerantzean. Alkatearen hitzetan, “helburua da bizilagunek herrian gertatzen ari diren jarduera edo azken orduko abisuen berri izatea ahalik eta azkarren; esate baterako, ur mozketak daudenean, trafiko aldaketak, edota orotariko emanaldiak”. Hautetsiek gogorarazi dute Telegram kanala zabaltzea erabaki dela, besteak beste, doakoa eta librea delako, baina baita euskarara egokitua dagoelako ere.

Tresna berri hauez gain, arduradunek gogorarazi dute webgunea eta sare sozialak ere egunero elikatzen dituela Udalak. Ez hori bakarrik, asteko albisteen laburpentxo bat jaso nahi duenak udaleko buletinera doako harpidetza egitea besterik ez du, www.pasaia.eus atariaren bitartez. Horrekin, ostiralero, asteko albiste eta abisu guztien laburpena jaso daiteke posta elektroniko bidez, eta datozen asteetarako iragarrita dauden ekitaldien berri ere izango dute harpideek.