Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2019/03/29
Pasaiak bere lehen tokiko Agenda 21eko Ekintza Plana onartu du
Otsailean izandako udalbatzarrean Pasaiako Udalak Pasaiako Tokiko Agenda 21eko 2019-2026 Ekintza Plana onartu zuen guztien adostasunarekin. 2017an hasitako prozesu hau bukatutzat eman da Planaren onarpenarekin, eta hemendik aurrera udalak bertan definitutako ekintzak aurrera eramateko konpromisoa hartu du.
Udalerriko iraunkortasunaren alde egiteko eta hurrengo belaunaldiei herri bizi eta osasuntsuago bat uzteko asmoarekin Ekintza Plan honek datozen urteetan betetzeko 147 ekintza jasotzen ditu. Ekintza horiek lehen fasean egin zen diagnostikoan eta formulazio estrategikoan oinarritzen dira. Lehenik ingurumen, gizarte, ekonomia eta lurralde arloak aztertu ziren, eta ondoren bertan nabarmendutako gaiekin 2030erako zer nolako Pasaia nahi den definitu zen, bi lan horietatik abiatuz, ekintza plana definitu da. Ekintza planeko 147 ekintzak 8 ildo nagusitan txertatzen dira:
- Politika publikoetan zeharkakotasuna, eraginkortasuna eta gardentasuna sustatu: udal sailen arteko koordinazioa, portuarekiko elkarlana, herritarren parte-hartzea eta gardentasuna lantzen dituen ildoa
- Herri garapenean lurzoruaren erabilera jasangarria egin eta giza kokalekuen inklusibitatea, segurtasuna eta nortasuna indartu: herriaren birgaitzea, mugikortasuna eta herriko biodibertsitatea lantzen dituen ildoa.
- Inguru osasuntsua bermatu, pertsonen bizimodu osasungarria bermatuz: aire eta soinu kalitatea eta arriskuen eta jarduera ekonomikoen kudeaketa lantzen dituen ildoa.
- Baliabideen kudeaketa eta ekoizpen eta kontsumo modalitate jasangarriak sustatu: uraren, hondakinen eta kontsumoaren gaia, bai herritarrena baita udalarena ere lantzen dituen ildoa.
- Energia eskuragarria, jasangarria eta modernoa duen udalerri eredua sustatu eta klima-aldaketaren eta haren ondorioen aurka egiteko neurriak hartu: energiaren arloa (udalarena zein herritarrena) eta aldaketa klimatikoa lantzen dituen ildoa.
- Tokiko ekonomiaren hazkundearen eta lan duinaren sustapenerako politikak bultzatu: turismoa, industria eta ekintzailetza eta itsasoarekin lotutako ekonomia lantzen dituen ildoa.
- Euskara eta kirol mailan udalerri aktibo eta dinamikoa izateko tresnak eskaini: Euskara, Pasaia Badia Aktiboa eta Jarduera Fisikoa eta kirola lantzen dituen ildoa.
- Pertsonak ardatz izanik, ongizatea, berdintasuna eta oinarrizko zerbitzuetara sarbidea bermatu: gizarte zerbitzutarako sarbidea, migrazioa, berdintasuna eta haur, nerabe eta gazteen eskubideak lantzen dituen ildoa.
Gainera, berrikuntza moduan, Pasaiak bere lehen Ekintza Plan honetan nazioarteko politika eta jarraibideak kontuan izan ditu, horrela, udalerriko garapen iraunkorrarekin konprometitzeaz gain, Garapen Jasangarriaren Helburuekin ere konprometitu da, eta Ekintza Plana helburu horiekin lerrokatu du.
Horretan guztian ezinbestekoa izan da udal teknikarien eta herritarren parte-hartzea; haien ikuspuntua ere barneratu da prozesuan. Orokorrean bi gai nabarmendu dira herritarren artean, nahiz eta beste gai askoren inguruan ere eztabaidatu den: alde batetik, udalerriaren identitate falta aipatu da, eta hori indartzeko mugikortasuna hobetu beharra dagoela azpimarratu da. Bestalde, portuaren gaia ere mahai gainean jarri da, eta portua eta herriaren arteko harremana aldatzeko beharra aipatu. Bilera irekiak egiteaz gain, ekintza planaren diseinuan portuarekin erlazio zuzena duten eragile gakoak elkarrizketatu dira.