Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2020/09/28

Moriako pertsona errefuxiatuen eremuan gertatutako sutea dela-eta adierazpen instituzionala

  • Pasaiako Udalak iheslariekiko elkartasuna agertu nahi du, haien eskubideen urraketa sistematikoaren eta jasaten duten muturreko kalteberatasun- eta babesgabezia-egoeraren aurrean.
  • Pasaiako Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bat, iheslariak hartzeko eta integratzeko harrera planari eusteko konpromisoa berresten du, eta xede horretarako estrategiak, programak eta baliabideak zehaztuko ditu, baita erakundeen eta gizarte antolakundeen arteko elkarlanerako esparruak ere.
  • Pasaiako Udalak Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei eskatzen die har ditzatela premiazko neurriak krisi humanitario honi erantzun aktiboa emateko, elkartasuna eta justizia oinarrian direla, eta politika bateratu bat egin dezatela immigrazio eta asilo arloan, pertsonei lehentasuna emanez eta giza eskubideen zaintza bermatuz. Gerra hauetatik ihes egiten duten edo tragedia hau aprobetxatzen duten mafien biktima diren pertsonak hartzeko beharrezko bitartekoak bidera ditzatela ere eskatzen die. Europa mobilizatzeko eta lekualdaketa- eta birkokapen prozesua abiarazteko eskatzen du, nazioarteko legeria, Genevako Konbentzioa, giza eskubideen arloko itunak eta Nazioarteko Zuzenbidea inolako bazterketarik gabe bete dadin. 
  • Europako erakundeei eskatzen die aniztasunaren balioa aitor dezaten eta ikuspegi hori migrazio-fluxuak arautzeko politiketan txerta dezaten, ezinbesteko elementua baita XXI. mendeko Europa berria garatzeko. 
  • Pasaiako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari Moriako tragediaren aurrean jarrera aktiboa eta solidarioa har dezatela eta haren ondorioak arintzeko eskura dituzten bitartekoak bidera ditzatela eskatzen die.
  • Pasaiako Udalak Zaporeakeko kideek datorren irailaren 25 eta 26an Euskal Herri guztian zehar deituriko janari bilketa nazionalean parte hartzeko deia egiten die pasaitarrei.


Pasaian, 2020ko irailaren 25ean