Eduki publikatzailea

Adierazpen instituzionala: Maiatzak 17, LGTB fobiaren aurkako Nazioarteko Eguna

Maiatzaren 17an ospatzen da Homofobia, Lesbofobia, Transfobia eta Bifobiaren kontrako Nazioarteko Eguna, egun horretan 1990. urtean ezabatu zuelako Osasunerako Mundu Erakundeak homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik. 

Gertakari historikoa izan zen, eta aurrerapauso itzela lesbianen, homosexualen, bisexualen eta transexualen bizitza eta eskubideei dagokienez. Azken hamarkadan, maiatzaren 17a LGTBI pertsonen aurkako gorroto eta indarkeria mota ororen aurkako egun bilakatu da. 

1990etik hona, aurrerapen handiak egon dira, bai jendartean,  eta bai legegintzan, LGTBI kolektiboko pertsonak gainerakoekin berdintzen dituzten legeak onartu baitira; baina asko dago egiteko oraindik. Bazterkeria, estigmatizazioa eta indarkeria eguneroko errealitate baitira, gaur gaurkoz, LGTBI herritar askorentzat, hala Euskal Herrian, nola munduan. Zoritxarrez, aurreiritziak, uste faltsuak, estereotipoak, bazterketa eta gorrotoa oraindik ere jendarteko sektore askotan sakon errotuta daude. LGTBI kolektiboko pertsona askok (nagusiki lesbianek, transexualek, adintsuek edo desgaitasuna duten pertsonek) ezin-ikusia eta ez ikusiarena egitea jasaten dute, eta horien aurkako eraso fisikoek gora egin dute gure hirietako kaleetan; horrelakoek agerian uzten dute nor bere sexualitate, sexu identitate nahiz generoaren arabera bizitzeko askatasun egiazkorik ez dagoela, eta berdintasun  zein bereizkeriarik eza bizi-bizirik daudela. 

Hala, homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren aurka borroka egitea askatasuna, duintasuna eta giza eskubideak defendatzea da. Aniztasunak aberastu egiten gaitu; horrenbestez, LGTBI kolektiboko kideek jasaten duten bazterkeriaren eta indarkeriaren aurka egitea jendartearen garapena bultzatzea da; alegia, inklusioaren alde eta bazterkeriaren aurka egitea, eta errespetu zein berdintasun handiagoko gizarte bidezkoa lortzeko bidean urratsak ematea.

Pasaiako Udalak bat egiten du gaurko eguneko aldarriekin eta konpromisoa adierazten du jendarte adeitsu, justu eta integratzaileago bat eraikitzeko lanean jarraituko duela.