Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2023/06/28
Adierazpen instituzionala LGTB+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean
ATZERAPAUSORIK EZ LGBT+ PERTSONEN ESKUBIDEETAN
Atzerapausorik onartuko ez dugula ez da soilik lelo bat. Jarrera politiko argi bat da. Oraindik egiteko asko dagoela argi izan arren, gure konpromisoa da indar erreakzionarioen eta ultraeskuindarren aurrean askatasun-harresi bat eraikitzea, dagoeneko lortutakoa eta lortzeke dagoena, asko dena, ezabatu nahi baitute.
Udal honek pertsona guztientzako eskubide guztiak defendatzen eta bermatzen jarraitu nahi du, gorrotoaren gainetik, bai kalean, bai erakundeetan.
Trans legeak edo LGBT+ udal-kontseiluak lortu dira. Eskubideak defendatu dira kaleetan, LGBTfobikoen erasoak salatuz. Pertsona guztiek sexu-askatasunerako duten eskubidea aldarrikatu da. Hori eta askoz gehiago egin da, eta kolektiboarekin batera bizi, partekatu eta borrokatu gara.
Hala ere, gorrotoa eta olatu erreakzionario, kontserbadore eta ultraeskuindarra hemen dira, eta beldurrik gabe esaten dute hainbeste ahalegin eta sakrifiziorekin eraiki dena suntsituko dutela. Baina argi diogu: LGTB+ kolektiboaren eskubideak atzeraezinak dira, eta guk Pasaiako Udaletik, ekainaren 28an, esan nahi dugu harrotasunez defendatuko ditugula bai kolektiboa, bai lortutakoak.
Horregatik, Udal honek berretsi egiten du erakundeek konpromiso argia dutela politika publiko integral eta sendoak, ikuspegi feministan oinarritutako zerbitzuak eta babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak eraikitzeko. Aldi berean, LGBT+ mugimenduaren eta erakundeen arteko batasuna eta lankidetza indartzeko, akordio partekatuak hartzeko bideak ezartzeko lan egingo dugu. Faxismoaren aurrean bakoitzak bere esparrutik lege, baliabide eta espazio gehiago eraikitzen jarraituko dugulako.
Horregatik, Pasaiako Udalak konpromisoa hartzen du LGBT+ mugimenduaren eta erakundearen arteko lankidetza sustatzen jarraitzeko, tokiko dinamika bat ezarriz. Erronka partekatua dugu aurrean, eta espazio berriak eraikiko ditugu, bakoitzari dagokion erantzukizunetik eta esparrutik abiatuta; LGBT+ politikak eraikitzeko guztion lankidetza behar baita.
Pertsonen berdintasunerako eskubidea defendatzeko, diskriminaziorik gabeko bizitza bizitzeko, edozein dela ere orientazio eta identitate sexuala edo genero-adierazpena. LGBT+ diren adineko pertsonen eskubideak defendatzeko. LGBT+ haurren eskubideak defendatzeko, irainik eta erasorik ez jasateko eskubidea; identifikatuta sentitzeko erreferenteak izateko eskubidea. Emakume guztiek laguntza bidezko ugalketa eskuratzeko duten eskubidea defendatzeko. Homosexualitatea, bisexualitatea eta transexualitatea ez direla gaixotasunak eta ez direla “sendatu” behar defendatzeko. Gorrotoak eta diskriminazioak eragindako erasoen biktimek tratu espezializatua jasotzeko duten eskubidea bermatzeko. Lortu ditugun eskubide horiek guztiak defendatu behar ditugu askatasunean bizi nahi dugun pertsonok gaur egun bizi dugun mehatxuaren aurrean.
Horregatik eta beste arrazoi askorengatik, Pasaiako Udalak Francis Vadillori aipamen berezia egin nahi dio egun garrantzitsu honetan, Errenterian haren erailketa izan ondoren, herri honetako LGBT+ mugimenduak indarra hartu baitzuen nabarmen. Mikel Martin Oarsoaldeko LGBT+ ekintzailea ere ez dugu ahaztu nahi, izan ere, bizirik dirau haren borrokak, alegia, beren gizarte-izaeragatik gorroto-delituak jasan dituzten biktima guztien eskubideen aldeko borrokak.
Amaitzeko, ekainaren 28rako antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu. Era berean, LGBT+ pertsonen ikusgarritasunaren aldeko eguneroko lanean eta borrokan inplikatutako kolektibo eta pertsona guztiak zoriondu nahi ditugu, harro egoteko moduko mugimendua osatzen dutelako eta dugulako.