Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/11/18

Pasaiako udalaren adierazpen instituzionala azaroaren 17ko eraso matxistaren aurka

Pasaiako Udalak elkarretaratzea deitu du gaur, azaroak 18, eguerdiko 12:30ean Arizabalo Jauregiaren sarreran, igande honetan, Trintxerpen, emakume baten kontrako erailketa saiakeraren aurrean. Bertan izan dira Pasaiako udalbatzan ordezkaritza duten alderdi guztietako ordezkariak, eta baita Emakundeko zuzendari Miren Elgarresta, Aldundiko Berdintasun zuzendari Nerea Isasi, Lezoko alkate Mikel Arruti eta Oiartzungo Gizarte-Ongizate zinegotzi Olaia Lasa.

Teo Alberro Pasaiako alkateak eta Laura Ré Berdintasun zinegotziak irakurri dute adierazpen instituzionala:

"Igande honetan ezagutzera emandako emakume baten kontrako erailketa saiakeraren aurrean Pasaiako Udaletik aho batez adierazi nahi dugu emakumeen kontrako indarkeriaren aurka gaudela. Horrelako gertaerak ez ditugu gure gizartean onartzen, eta erakunde, elkarte eta herritarrok lanean jarraituko dugu emakumeok indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen.

Bestalde, gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu erasoa jasandako emakumeari eta ingurukoei. Udalak eskura jarriko dizkio biktimari beharrezkoak dituen informazio-iturriak eta gizarte arloko udal baliabideak.

Emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazo baten ondorioa da eta gertakari horrek berriro ere agerian utzi du jendarte parekidea eraikitzeko gizonen eta emakumeen arteko botere-harremanak gainditu egin behar direla. Horretan ardura berezia dugu erakundeok.

Pasaiako Udalak konpromisoa hartua du berdintasun politikak garatzen jarraitzeko eta Berdintasun Mahaiarekin elkarlanean aritzeko, gure bizikidetza oinarrien aurka doan gizarte-arazo bati erantzuna ematearren.

Erasoa arbuiatzeko eta biktimarekiko babesa azaltzeko Pasaiako mugimendu feministak deitu duen mobilizazioan parte hartzera animatzen ditugu herritarrak: 

19:30ean Serafin Esnaola Plazan

Emakumeen aurkako indarkeria gehiagorik ez!"