Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/07/22
San Juan-Koxtape arraun taldeak Pedreñan jasandako erasoa gaitzesteko adierazpen instituzionala
Pasaiako Udalak erabateko gaitzespena adierazi nahi du joan den asteburuan San Juan-Koxtape arraun taldeak Pedreñan jasandako erasoaren aurrean. Indarkeria mota oro erabat arbuiatzen dugula errepikatu nahi dugu enegarren aldiz, halako ekintzak gure herrian sustatzen ditugun bizikidetza- eta errespetu balioen kontra baitoaz oso-osoki.
Halaber, dagokien arduradunei eskatzen diegu gertaeren ikerketa sakona egin dezatela, eta beharrezko lege-neurriak har ditzatela egintza negargarri horren kontra.
Indarkeria salagarria, gaitzesgarria eta arbuiagarria da une eta leku guztietan. Baita, gainerako esparruetan bezala, kirol-arloan ere. Kirolak indarkeriaren aurkako balioak goraipatu eta sustatu beharko lituzke, eta beraz, administrazio publikoek, klubek, federazioek, talde teknikoek eta kirolariek elkarrekin lan egin behar dugu horrelako ekintzak desagerrarazteko.
Pasaiako Udaletik, herri eta komunitate guztien arteko bizikidetza baketsurako deia egin nahi dugu. Funtsezkoa da elkarrekin lan egitea diskriminazio, xenofobia eta indarkeria mota oro gure gizartetik desagerrarazteko.
Ildo horretan, gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu arraun klub sanjuandarreko kirolariei, kasu honetan batelerei, eta baita, jakina, haiekin zihoazen prestatzaile eta gainontzeko kideei ere. Klubarekin etengabeko harremanetan gaude, eta haiekin jarraituko dugu prozesuaren urrats bakoitzean.
Pasaiako Udaletik berretsi nahi dugu herri, komunitate eta norbanako guztien arteko bizikidetza baketsuarekin dugun konpromisoa. Lanean jarraituko dugu edozein diskriminazio eta indarkeria mota salatu eta desagerrarazteko neurriak hartuz.