Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2020/08/22
Udala pozik Adif-ek iragarri duelako Antxoko geltokiko irisgarritasun-proiektua idazten hasiko direla
Zazpi hilabeteren buruan proiektua prest izango dute, eta obren lizitazioa egin ahal izango da
“Berri ona da. Aspaldi ari ziren antxotarrak XXI. mendearekin bat datorren geltokia eskatzen, eta merezi dute", adierazi du Pasaiako alkate Izaskun Gómezek.
Trenbide-azpiegituren kudeatzailea den ADIFek, prentsa-ohar baten bidez, iragarri du Ignacio Quemada Arquitectos estudioari esleitu zaiola Antxoko geltokiko irisgarritasun-obren proiektua idazteko kontratua.
2019ko martxoan sinatu zuten Pasaiako Udalak eta Adif-ek Antxoko geltokia berritzeko hitzarmena. Gorabehera politikoek eta COVID19ak sortutako egoerak hasierako aurreikuspenak atzeratu dituzte, baina azkenean, Espainiako Gobernuak eta Adif-ek hitzarmen hartan adostutakoa gauzatu ahal izan dute.
Proiektuak Antxoko geltokia XXI. mendeko irisgarritasun-estandarretara egokitzeko obrak jaso beharko ditu. Egikaritze-proiektuan azpiko pasabide bat jasoko da nasen artean, eskailerak eta igogailua izango dituena; hartara, trenbidearen mailan bidaiariak gurutzatu ez daitezen.
Gainera, aurreikusita dago bidaiarien eraikina ordeztea, sarbidearen eta nasen arteko koska kentzearren, eta baita bidaiariak babesteko markesinak ordeztea ere. Halaber, nasak luzatu eta goratuko dira, intermodalitatea ahalbidetzeko eta nasatik trenerako sarbidea errazteko.
Era berean, erabiltzen ez diren elementu eta eraikinak botako dira; itxiturak berrituko dira, geltokia hiri-ingurunean hobeto txerta dadin; eta instalazioak egokitzeko beharrezko jarduketak egingo dira.
“Ziur nago obra hauek tren-bidaiarien irisgarritasuna eta segurtasuna hobetuko dituztela”, adierazi du Izaskun Gómez alkateak.