Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/07/09

Irmoki salatzen dugu gizon batek emakume bati Pasaian egindako eraso matxista

Pasaiako Udalaren adierazpen instituzionala

Pasaiako Udalean ordezkaritza dugun talde guztiok irmo eta aho batez gaitzetsi nahi dugu joan den igandean Pasaian emakume batek jasandako erasoa. Uztailaren 6an, gizon batek urratu egin zuen bikotekide ohiarekiko zuen urruntze-agindua, eta mehatxatu eta eraso egin zion. 

Gertakari hori dela-eta, Pasaiako Udaletik publikoki adierazi nahi dugu emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarrera agertzen jarraituko dugula. Halako erasoek ez dute lekurik gure gizartean, eta erakunde, elkarte eta herritarrok lanean jarraituko dugu, norbanako guztiok edonolako indarkeriarik gabe bizi gaitezen.

Horregatik, Udaletik bat egingo dugu mugimendu feministak eraso hori salatzeko egiten dituen ekintzekin, eta bizilagunei dei egiten diegu hori bera egin dezaten.

Gure herrian ez dugu onartuko indarkeria matxistaren adierazpen bakar bat ere. Bortizkeria honi aurre egiteko ardura kolektiboa da, eta Pasaian ez gara isilik geratuko: indarkeria matxistarik ez!