Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/11/15

Haurren eta nerabeen eskubideen aldeko nazioarteko eguna ospatzeko, egitarau oparoa

Azaroaren 15etik abenduaren 20ra

Azaroaren 20an Haurren eta Nerabeen Eskubideen Aldeko Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu osoan. Eskubideen bermea ezinbestekoa dela azaltzea inoiz baino garrantzitsuagoa da gaur egun, eta horregatik, egitarau oparoa antolatu du Pasaiako Udalak aurten ere, Haurren eta Nerabeen Eskubideen Aldeko Nazioarteko Egunaren ospakizunetan.

Egitaraua aurkezteko ekitaldian Pasaiako alkatea, ikastetxeetako ordezkariak (Karmengo Ama, Pasaia Lezo Lizeoa eta La Anunciata), eta Udal Zerbitzuetako ordezkariak izan ziren.

Teo Alberro alkatearen iritziz: “Pasaiako haur eta nerabeak ez dira herri honen etorkizuna, oraina baizik. Eskubidedun subjektu aktiboak dira, eta hala so egin nahi diegu udal politiketatik. Helduek bezalaxe, giza eskubideak dituzte; besteak beste, iritzia emateko eta parte hartzeko eskubidea dute, bai eta berdintasunerako, babeserako, osasunerako, hezkuntzarako, jolaserako eta ingurune seguru batean bizitzeko eskubideak ere”.

Pasaiako Udalak argi du haur eta nerabe guztien eskubideak errespetatu eta babestuko dituen Pasaia eraikitzea guztion ardura dela. Bide horretan, Eskubidean planaren bidez, herriko hainbat eragile elkarrekin Pasaia hezitzaileagoa eraikitzen ari dira.

Aipatutako helburuak lortzeko, “datozen asteetarako ekintzak eta tailerrak antolatu ditugu, berriro ere haurren eta gazteen eskubideak bermatu behar direla aldarrikatzeko, haur eta nerabeen parte-hartzea ziurtatzeko eta eskubideak denon ardura direla gogorarazteko” gaineratu du Alberrok.

Jarduera horietako batzuk haur eta nerabeek haien parte-hartze sistemaren bitartez proposatutakoak dira eta beste batzuk Eskubidean herri-proiektuaren baitan elkarlanean antolatuak, zehazki, Udalak, hezkuntza-komunitateek, udaleko hainbat zerbitzuk eta herriko eragileek elkarlanean garatuak. 

Ipuin kontaketak, jolasak, tailerrak, hitzaldiak eta antzerkiak antolatu dira azaroaren 18tik abenduaren 20ra.

Programa - PDF 7,5 Mb