Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2021/05/17

Pasaiak 8.000.000 euro jasoko ditu, Andonaegi auzoa berroneratzeko

Pasaiako Udalak izapideak hasi ditu, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan hiri-berroneratzeko jardueretarako onartu den zortzi milioiko dirulaguntza jasotzeko.

Izaskun Gómez, alkatea: “berroneratze-plana mugarria izango da eremu osoarentzat, eta bertako bizilagunen bizi-kalitatea nabarmen hobetuko du”.

Pasaiako Udalak izapideak hasi ditu, Andonaegi auzoa berroneratzeko jarduketei ekitea ahalbidetuko duen 8.000.000 euroko dirulaguntza jasotzeko. Planaren helburuak hauek dira: etxebizitzak birgaitzea, auzo-mailako zuzkidurak berreraikitzea, eta berroneratze soziala eta ekonomikoa. Eusko Jaurlaritzaren aurtengo aurrekontuetan onartutako dirulaguntzaren xedea da bizilagunek egiten dituzten birgaitze-lanak eta udaletik egin litezkeen urbanizazio eta ekipamenduen hobekuntza-lanak babestea. Aurten hasiko da udala funts horiek jasotzen: 800.000 €. 2022an 2.200.000 €-ko zuzkidura aurreikusi da; 2023an 2.700.000 €-koa, eta 2024an jasoko da gainerako zatia, hau da, 2.300.000 €. Bizilagunen obrak eta egin litezkeen urbanizazio-lanak diruz laguntzeaz gain, dirulaguntzaren % 15 enplegu eta gizarteratze jarduketetarako erabiliko da.

Izaskun Gomez alkateak honako hau adierazi du: “berroneratze-plana mugarria izango da eremu osoarentzat, Pasaiak Andonaegiren berroneratzeari ekitea ahalbidetuko duelako, eta bertako bizilagunen bizi-kalitatea nabarmen hobetuko duelako.”

Hiri-berroneratze planak Andonaegi birgaitzeko beharrari erantzuten dio. Etxebizitza horiek joan den mendeko 50eko hamarkadakoak dira, eta, arrantza- eta portu-jardueraren garapenaren ondorioz sortu zen etxebizitza eskuragarrien beharra asetzeko eraiki ziren. Gaur egun, auzo horien gizarte-profilaren ezaugarria da adineko biztanleria zahartu egin dela etxebizitzarekin. Eta horrek zaildu egiten du eraikinek eskatzen dituzten birgaikuntza- eta berrurbanizazio-beharrei ekitea. Zehazki: irisgarritasun eta energia-eraginkortasun arazoak, eta narriadura orokorra, bai auzoetan eta bai eraikinetan. Planak, geroagoko fase batean, bere jarduera-eremua Arrantzaleen Auzora eta Salinasera hedatzea aurreikusten du, betiere aurrekontu-baliabideen arabera; eta horrela, "Andonaegi, Arrantzaleen Auzoa eta Salinas bizitegi-eremu hiritarrak berroneratzeko, birgaitzeko eta kudeatzeko Plana", Udalak egina, gauzatuko litzateke.

Irailetik aurrera, dirulaguntzaren lehen zatia jasotzen denean, ekingo zaie lanei Andonaegin. Era berean, eremuko bizilagunei informazioa emateko prozesuak jarriko dira abian. Hori guztia, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin elkarlanean.