Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/08/30

Instalazio fotovoltaikoa jarri da Karmengo Aman

Larrialdi klimatikoari aurre egiteko pauso berria

Pasaiako Udalak, energia-iturri berriztagarrietan oinarritutako energia-trantsizioa bultzatzen eta hobetzen jarraitzen du. Horretarako, Karmengo Aman instalazio fotovoltaikoa jarri du.

Iraitz Pazos, Ingurumeneko eta Zerbitzu, Sare eta Mantentze-lanetako zinegotziaren hitzetan “beste urrats bat eman dugu jasangarritasunaren arloan, larrialdi klimatikoari egokitzeko eta aurre egiteko. Egiten ari garen energia-trantsizio hau funtsezkoa da; gainera, legeak administrazio publikoari ezartzen dizkion helburuen baitan dago”.

Lanak 2024ko abuztuan egin dira eta, guztira, 173 panel jarri dira; panel bakoitzak 495W-ko potentzia du. Urtean  88.422 kWh-ko energia sortuko dutela aurreikusten da. “Lortutako energia hori elkarbanatu egingo da; hau da, hainbat udal eraikinen artean kontsumituko da bertan ekoiztutako energia elektrikoa. Soberakinak badaude, energia-sare orokorrean txertatuko dira” gaineratu du Pazosek.

Aurreikusten den aurrezpen ekonomikoa 8.859,80 €-koa da urtero (balioespen bat da, 2023ko elektrizitatearen bataz besteko prezioa kontuan izanda).

Instalazio fotovoltaikoa martxan jartzeko, guztira, 53.362,08 € (BEZa barne) inbertitu dira baina Europar Batasunak finantzatutako proiektua da, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan (NextGenerationEU). Izan ere, Pasaiako Udalak  51.436,00 €-ko dirulaguntza lortu du proiektua gauzatzeko.