Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/07/24
Udaleku irekien azken txanpa!
362 haur ari dira udaz gozatzen eta emozioak lantzen
Pasaiako Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak antolatutako udalekuetan aurten 362 haur bildu dira, eta guztiak ari dira antolatutako jardueretan gozatzen herriko lau barrutietan hilabete osoan. "Gure aurreikuspen guztiak gainditu ditugu", azpimarratu du Julen Rodriguez Aboy Gazteria zinegotziak, "eta zerbitzuaren balorazio oso positiboa egiten dugu".
Pasaiako Udalekuak alderdi pedagogikotik berritzaileak dira, izan ere gaikako ardatzetan oinarrituta, jarduerak elkarrekin lotuz garatzen ari dira.
Emozioak erdigunean
Aurten emozioak jarri dira erdigunean, eta “ni”aren eta “gu”aren arteko elkarreragina lantzen ari dira.
Horrenbestez, txikienek bidaian dabilen inurri familia baten berri izaten dute astero. Inurri karabana batean bidean bizitzen dituzten gertakariak kontatzen ari zaizkie. Norbanakoaren ikuspuntua eta komunitate baten barruan bidaiatzeak zer dakarren ikasten ari dira. Zergatik inurriak? Animalia txikiak direlako, baina langileak, kooperatiboak eta sozialak ere bai.
Haur ertain eta handien gaia beste honako hau da: argitaletxe batek hiri futurista bat irudikatu nahi du bere hurrengo argitalpenerako. Horretarako, ideiak hartu nahian, herriko haurrei estralurtar propioa diseinatzeko erronka proposatu die, baita bere planeta propioa, hizkuntza, ohitura, elikadura eta jolasak ere. Bereziki irudimena, aniztasuna, gorputza, jarrera eta pentsaera desberdinak lantzen ari dira.
Ertainek ipuinak dituzte oinarri. Astean kontatzen ari zaizkien ipuinei buruzko dinamikak egiten dituzte. Azken astean euren ipuina sortuko dute.
Jarduerak ez ezik, irteera eta txangoak ari dira egiten ertainak eta handiak Oiartzungo Arditurriko meatzera, igerilekura eta hondartzara.
Txikienek, autonomia gutxiagoa dutenez, itsasontzian egin dute txangoa itsasertzetik eta Pasaiako portutik.
Aurten ere hiru haur saharar ari dira udalekuetan parte hartzen eta esperientzia polita izaten ari da guztiontzat.
"Haur guztiak izugarri gozatzen ari dira aurtengo udalekuetan ere. Azken txanpan gaude, uztailaren 30ean amaituko baitira. Aurten eskaintza handitzeko egin dugun aparteko inbertsioaren ondoren, datorren urtekoa hobetzeko lanean ari gara dagoeneko, Pasaiako familien kontziliazio-beharrei ahalik eta ondoen erantzuteko ", amaitu du Rodriguezek.