Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/05/27
Lore-eskaintza egin du Pasaiako Udalak Ategorrietako sarraskiaren 93. urteurrenean
Udalbatzako lau alderdiek adosturiko adierazpen instituzionalean, hildakoen oroimena ohoratzeko eta gogoratzeko lau konpromiso hartu ditu Pasaiako Udalak
93 urte bete dira Guardia Zibilak Donostiako Ategorrietako erlojuaren parean Pasaiako portuko hainbat arrantzale eta marinel tiroz hartu eta horietako zenbait hil zituenetik. Urteurrenaren harira, prentsaurrekoa egin du gaur eguerdian Pasaiako Udalak, udalbatza osatzen duten lau alderdien ordezkaritzarekin.
Trintxerpeko Alkateordetzaren kanpoaldean (inguru hartatik abiatu zen hildako langileen manifestazioa) elkartu dira EH Bildu, EAJ/PNV, PSE-EE, eta Podemos-Equo alderdietako bozeramaileak eta zinegotzietako batzuk, Teo Alberro Bilbao alkatea buru zutela. Fato Castelao elkarte pasaitarreko kideak eta hildako arrantzaleen hainbat senide ere bertan izan dira.
Alkateak hartu du hitza lehenengo, bederatzi hamarkada atzera egin eta 1931n jazotakoa gogora ekartzeko: "Sektorearen lan-gatazka betean, mobilizazio baketsuan abiatu ziren urte hartako maiatzaren 27an 2.000 langile inguru, euren senideekin batera, 'gure seme-alabentzako ogia eta lankideentzako askatasuna' eskatuz. Hainbat polizia kontrol igaro zituzten zauriturik gabe, baina Ategorrietan Guardia Zibilarekin topo egin zutenean, manifestarien kontra tiro egin zuten zaldi gainean zihoazen poliziek".
Gertatutakoa oroitzeko eta biktimei aitortza egiteko adierazpen instituzionala ondu dute Pasaiako alderdiek. Agerraldian testuaren zenbait atal irakurri dituzte lau alderdietako ordezkariek, eta Bozeramaileen Batzordeak harturiko konpromisoen berri eman dute:
1- Ategorrietan eraildako 7 manifestari pasaitarrak, haien familiak eta 1931ko maiatzaren 27ko manifestazioan zauritutako guztiak oroitu eta omentzen ditu.
2- Botere publikoek, egiaren, justiziaren eta erreparazioaren printzipioei jarraikiz, Memoria Demokratikoari buruzko urriaren 19ko 20/2022 Legearen eta Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko irailaren 28ko 9/2023 Legearen babesean, memoria historiko objektibo bat defendatu eta balioetsi behar dugu; eta eskubideen eta askatasunen defentsan borrokatu ziren eta hori egiteagatik ondorio pertsonalak jasan zituzten pertsona guztien aintzatespena sozialki partekatu behar dugu; gizarte berdinago eta bidezkoago bat defendatzeagatik kaltetu zirelako.
3.- Pasaiako Udalak konpromisoa hartzen du, gertakari horien inguruko txostena osorik argitaratzeko euskaraz, galegoz eta gazteleraz. Hala badagokio, Pasaiako Sorginarri bildumaren “1931-1939 Zanpatuen Oroimena” liburuan jasotako informazioa osatzearren.
4.- 1931ko maiatzaren 27an izandako gertakarietan hildakoen oroimena ohoratzeko eta gogoratzeko asmoa adierazten du, egun hori dela-eta egiten diren ekimen instituzionaletan parte hartuz eta egiten diren ekimen sozialetara (martxak, lore-eskaintzak...) herritar guztiak gonbidatuz, gertaera horiek ezagunak izan daitezen eta ahazte kolektiboan eror ez daitezen.
Aldarrikapenen ondotik, alkateak eta zinegotziek lore-eskaintza egin dute alkateordetzako fatxadan jarritako behin-behineko oroitzapenezko euskarriaren ondoan. Udalaren asmoa da bertan plaka iraunkor bat ezartzea, Alberrok berri eman duenez.