Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/05/24

Ikasleek euskararen inguruan dituzten kezkak eta proposamenak aurkeztu dizkiete udal teknikariei eta ordezkari politikoei

Euren ekarpenak lantzeko konpromisoa hartu du udal gobernuak

Maiatzaren 17an, herriko gazteekin batera soziolinguistikari erreparatzeko ‘Saio bateratua’ antolatu zuen Pasaiako Udalak udaletxeko pleno-aretoan. Bertan, udalerriko ikastetxe guztietako ikasle-ordezkariek euren ikaskideekin hizkuntza ohituren inguruan egin dituzten hausnarketak eta euskararen inguruan dituzten kezkak eta proposamenak aurkeztu zizkieten udal teknikariei eta ordezkari politikoei.

Entzute-ariketa bat egin dugu, eta helburua izan da ikasleak herriko erabaki garrantzitsuak hartzen diren tokian jartzea. Hau da, udaletxeko pleno-aretoan; hitza gazteek hartzea izan da helburua, gazteen proposamenak balioan jartzea, eta guztion arteko elkarrizketa sustatzea” adierazi du Laura Ré Euskara eta Parte-hartze zinegotziak.

Nerabeek aipatutako gaien artean, euskal ikus-entzunezko edukien falta, merkataritzan euskaraz hitz egiteko ohitura falta eta lanpostuetan euskara maila minimo bat eskatzea edo euskal ekitaldi gehiago antolatzeko eskaerak  nabarmendu dira, esaterako.

Pasaiako Udalarentzat garrantzitsua da eskola eremua baliatzea, elikatzea eta trebatzea hizkuntzen gainean hitz egiteko, gazteen hizkuntza-portaerak “naturalak” ez direla ulertzen laguntzeko, aniztasunaren kontzientzia hartzeko eta eleaniztasunaz eta beronen kudeaketaz jabetzen laguntzeko. Hori horrela, Pasaiako ikastetxeetan DBHko gazteekin hizkuntza asertibitatea, kontzientzia linguistikoa eta hizkuntza portaera ekologikoak lantzeko proiektu integrala diseinatu eta gauzatzea da erronka.

Proiektu horren abiapuntu gisa, 2023-2024 ikasturtean, ‘Gaztelaniaren abantailak’ izeneko bina hausnarketa-saio dinamizatu ditu EMUNek Pasaiako hiru ikastetxeetako DBH4ko ikastaldeetan. Hausnarketa-saio horietan, Hizkuntza Ekologia eta Hizkuntzen Iraunkortasuna jarri ditugu diskurtsoaren zutabe; besteak beste, honako gaiak landuta: hizkuntza-aniztasuna, hiztunen arteko aukera berdintasuna, Pasaiako datu soziolinguistikoak, gazteen nahiak, beharrak, harremanak eta sentimenduak. Ikasleen alderdi emozionala ere landu dugu saioetan, emozioak kudeatzea ere ezinbestekoa baita ikasleak euskal hiztun moduan ahalduntzeko eta euskararekiko duten atxikimendua indartzeko.