Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/08/09

Goi mailako arrauna Pasaiara itzuliko da igande honetan, hilaren 11n

Emakumeen estropada 11:25ean hasiko da. Gizonena, aldiz, 12:21ean.

Ostegun honetan, hilaren 8an, igande honetan Pasaian jokatuko diren I. Gertu Eraikuntzak Bandera eta I. Adinberri Bandera aurkeztu dituzte Teo Alberrok, Pasaiako alkateak; Rakel San Sebastiánek, Adinberri Fundazioko zuzendariak; Lander Fernandezek, Gertu Eraikuntzak-eko gerenteak; eta Xabier Isasak, Sanpedrotarra arraun elkarteko presidenteak.

Pasaiako Arrantzaleen Kofradian egindako prentsaurrekoan, besteak beste, kirol-probaren nondik norakoak azaldu dituzte antolatzaileek.

Emakumeak izango dira lehiaz gozatzera irtengo diren aurrenak. Lehenengo txandakoak 11:25ean hasiko dira, eta bigarren txandakoak 11:48an. Hiru luze eta bi ziaboga egin beharko dituzte bandera eskuratzeko.

Gizonek hiru txanda izango dituzte, eta aurrenekoak 12:21ean aterako dira; hurrengoak, 12:50ean, eta azkenak 13:19an. Sei luze eta bost ziaboga egingo dituzte eta denbora motzenean egiten dutenek eramango dute Adinberri bandera.

Lander Fernandez, Gertu Eraikuntzak enpresako gerenteak, arraunaren balioak azpimarratu nahi izan ditu: «Sortu berri den enpresa bat garenez, Gertuk bere babesa adierazi nahi izan dio Euskotren Ligari eta, ondorioz, Pasaiako Banderari gure izena jarri diogu. Izan ere, arraunak eta arraun egiteak gure balioetako asko sinbolizatzen ditu. Guretzat arrauna berdintasuna da, lana, sakrifizioa, uko egitea, pasioa, intentsitatea, gertutasuna, taldea…»

Rakel San Sebastián, Adinberri Fundazioko zuzendaria, pozik agertu da banderari izena emateagatik: «Adinberrirentzat ohorea da arraunaren munduarekin bat egitea, Gipuzkoan oso errotuta dagoen kirola baita. Gure estrategiak dituen erronkekin bat datorrela ikusten dugu, gainera».

Teo Alberrok, Pasaiako alkateak, zorte ona opa nahi izan dio herriko traineruari eta banderen babesleei bere esker ona adierazi die. Amaitzeko, Pasaiako herritarrei herrian tradizio handia duen ekitaldiaz gozatzeko deia egin die.

Xabier Isasak, Sanpedrotarrako presidenteak, babesle guztiak eskertu ditu jardunaldia aurrera eramateko egin duten lanagatik.

Aparkalekuan eta trafikoan aldaketak

Euskotren eta Eusko Label Ligako estropada dela eta, ezin izango da San Pedroko kaian aparkatu abuztuaren 9an, 10ean eta 11n.

    • Abuztuaren 9an: 16:00etatik aurrera.
    • Abuztuaren 11n: 18:00ak arte.

Aparkaleku gabezia hori arintzeko, Hospitalilloko aparkalekua egokituko da, Gudari plazatik gertuen dagoen gunean, Esnabideko hesia irekiz (Lonjaren aldekoa), San Pedroko herritarrei sarbidea errazteko.

Aparkalekua abuztuaren 9ko 16:00etatik aurrera erabili ahal izango da, abuztuaren 11ko 18:00ak arte.

Horrez gain, estropadak dirauen bitartean trafiko mozketa puntualak egon litezke publikoaren joan-etorrien arabera.

Informazioa osagarria: 943 00 43 00 (Pasaiako Udaltzaingoa)

Aurkezpenaren bideoa