Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/10/01
Udalbatzak aho batez onartu du Pasaia eremu tentsionatu izendatzeko eskaera egitea
Ekimenaren helburua da etxebizitza arazoari erantzun irmoa eta eraginkorra ematea
Pasaiako udalbatzak 2025eko irailaren 30eko ohiko osoko bilkuran aho batez onartu du Pasaia tentsionatutako eremu izendatzeko Eusko Jaurlaritzari egin beharreko eskaera, eta horretarako beharrezkoak diren diagnostikoa eta ekintza plana.
Ekimenaren helburua da herrian gero eta nabarmenagoa den etxebizitza arazoari erantzun irmoa eta eraginkorra ematea. Izan ere, Pasaiako familiek beren diru-sarreren batez besteko %35,9 bideratzen dute etxebizitzarekin lotutako gastuetara, eta horrek argi erakusten du udalerria tentsio egoeran dagoela. Horrez gain, etxebizitza eskaintza urria da, hutsik dauden etxe ugari daude erabilerarik gabe eta lurzoru eraikigarri berria oso mugatua da.
Diagnosi horretatik abiatuta prestatu den ekintza-plana lau ardatz estrategikotan antolatu da, helburu argiekin eta neurri praktikoekin: alokairu eskuragarria sustatzea, bizitegi-eraikinen parkea eta hiri-berroneratzea bultzatzea, alokairurako prestazio eta dirulaguntzak indartzea eta gobernantza partekatua sendotzea.
Teo Alberro Bilbao alkateak azpimarratu du planak “pasaitarren bizi-kalitatea hobetzeko bide-orri zehatza eskaintzen duela” eta horretarako bidean ezinbestekoa izango dela Eusko Jaurlaritzaren partaidetza eta konpromisoa. Bestalde, gogorarazi du dokumentuak ez dituela proposamen teoriko hutsak jasotzen, “ekintza praktiko eta gauzagarriak baizik, kronograma argi batekin”.
Ekintza-plana eta bere xehetasun guztiak kontsultagai daude hemen.






