Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/03/04
Hauskortasun sozialari aurre egiteko Baturan tresnaren emaitzen aurkezpena
2023an Pasaiako 31 pertsonari eman zitzaien laguntza
Hauskortasunari aurre egiteko estrategia emaitza positiboak ematen ari da
Martxoaren 1ean Hurkoa Fundazioak Pasaiako udal ordezkari eta teknikariei aurkeztu zien Hauskor programaren 2023ko balorazioa. Fundazio horrek Pasaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuekin eta udalerriko ekosistemako beste eragileekin elkarlanean garatzen du Hauskor programa lau barrutietan, Pasaia Herri Lab estrategiaren aterkipean.
Programaren helburuak, besteak beste, honakoak dira:
- Hauskortasun egoeran dauden adinekoei lehen eskuko laguntza ematea euren autonomia sustatuz.
- Euren ehun sozial eta komunitarioa indartzea.
- Hauskortasun egoerak antzemateko sare komunitarioa indartzea, komunitateko eragileekin eta zaintzako tokiko ekosistemarekin koordinazioan.
Proiektuak gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartze zerbitzua eta esku-hartze psikosoziala barnebiltzen ditu, bai etxean eta bai komunitatean. Hala, hauskortasun egoeran dagoen pertsona bizi den ingurunean mantentzea da helburua, bere autonomia eta garapen pertsonala hobetuz eta bere bizi proiektua era duinean gauzatzea ahalbidetuz.
Pasaian, gizarte hauskortasun egoerak neurtzeko Baturan tresna eraiki da gizarte laneko ikuspegitik. “Ez da diagnostiko tresna bat”, azaldu dute arduradunek, “baina tresna erabiliz ateratzen den balioespena baliagarria da gizarte laneko profesionalek gizarte diagnostikoak egiteko, eta lagungarria hauskortasunaren esparruko esku-hartzeak planifikatzeko”.
Tresna horri esker, hauskortasun egoeren larritasun maila balioetsi eta egoera horietan eragin lezaketen elementuak identifikatzen dituzte alorreko profesionalek.
2023ko emaitzak
Iaz herriko 31 pertsonei eman zitzaien laguntza. Kasu bakoitzean, Pasaiako gizarte zerbitzuekin eta herriko eragileekin koordinatuta, esku hartzeko estrategiak proposatu dira, eta emaitza garbia da: “Egindako lanak gizarte hauskortasun egoeran dauden adinekoen bizi-kalitatea hobetzen lagundu du, akonpainamenduaren bidez eta pertsonek komunitatean parte har dezaten sustatuz”.
Hauskortasunaren bilakaerari dagokionez, Baturan tresnari esker artatu dituzten kasuetako % 71k hobera egin du. “Hauskortasunean hobekuntzak emateak harekin dakar segurtasun sentsazioa, isolamendua saihestea eta bizi-kalitatea duintzea. Eta prebentzio estrategia egokia izanik, menpekotasun egoerak atzeratzen direla antzeman daiteke”, aitortu dute.
Baturan tresnak gizarte hauskortasun egoerak neurtzeko balio duela berretsi dute, eta egoeren bilakaera antzemateaz gain, adinekoen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duten alderdiak ezagutzeko aukera eman die alorrean diharduten profesionalei.