Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/05/06

Partaidetza sistemako haur eta nerabeek zenbait ekintza antolatu dituzte maiatzean: auzolanak, olinpiadak...

4 barrutietan antolatu diren ekintzen berri emateko prentsaurrekoa antolatu dute.

Eskubidean planak ibilbide luzea du Pasaian. Planaren xede nagusia da,  haurrei eta nerabeei babesa, tratu ona eta parte hartzeko aukera emanez, beraien eskubideak bermatzen dituen herria izatea.
 
Planaren parte den haur eta nerabeen partaidetza sistemako zenbait taldek jada antolatu dituzte ikasturte amaierako ekintzak, eta horiek ezagutzera emateko prentsaurrekoa antolatu dute Donibaneko Pasaia-Lezo Lizeoan.

Izan ere, urriaz geroztik, haur eta nerabeak hilabetean behin elkartu, eta Pasaia hobeago baten ametsa oinarri izanik, askotariko ekintzak antolatu dituzte, zehazki, DBH 1-2 eta 3-4ko kideek. Horretarako, ibilbide hau egin du talde bakoitzak: ikasturte hasieran, elkar ezagutu eta konfiantza sendotzea izan zen lehenengo mugarria, eta horren ondoren Pasaia hobetzeko proposamenen zerrenda egin zuten.  Elkarrekin osaturiko ideia zaparradatik ekintza batzuk aukeratu eta prestaketa lanetan murgildu dira azken hilabeteetan.

Horren harira, apirilean eta maiatzean ere eta ikasturteari amaiera emateko Pasaiako barrutietan zenbait ekintza antolatu dituzte:

•    Apirilak 12 - Skate tailerra Antxon (jada egina).
•    Maiatzak 10 - Kale garbiketa auzolana, San Pedron. 11:00etan frontoian elkartu eta taldeetan banatu ondoren ekingo diote ekintzari.  
•    Maiatzak 11 - Multiabentura eguna, San Pedroko frontoian. 17:00-19:30 bitarte multiabentura eskaintzaz gozatzeko aukera izango da (tirolina, jumarra...).
•    Maiatzak 18 - Antxoko Biteri plaza atontzeko auzolana - 11:00etan hasita, Biteri plaza txukuntzea izango da eginkizun nagusia (ateak, marrak margotu, harmailak txukundu...).
•    Maiatzak 24 - Gazte olinpiadak Donibanen - 17:00etan hasita, 12-17 urte bitarteko nerabeen arteko olinpiadak.
•    Maiatzak 31 - Donibane txukundu eta garbitzeko auzolana- 17:00etan (Bizkaia plazan).

Prentsaurrekoa haur eta nerabeek antolatu dute eta beraiek izan dira hizlari bakarrak. Agerraldia ikusten Teo Alberro Bilbao Pasaiako alkatea izan da. Ondoren, ikasleen lana aintzat hartuta, honakoa adierazi du alkateak: "Eskubidean funtsezko tresna da Pasaiako Udalarentzat, haur eta nerabeen ahotsa, nahiak eta eskaerak udal politiketan txertatzeko bide zuzena baita. Ekimen honen bidez beste behin argi gelditu da euren nahiak adierazteaz haratago, horiek egi bihurtzeko ardura eta konpromisoa ere badutela gazteek, eta antolatzeko ahalmena ere bai. Gure partetik, konpromiso garbia dugu adingabeen eskura behar dituzten udal baliabideak jartzen jarraitzeko, eta bidelagun izaten behar dutenerako".

Agerraldiari amaiera emateko, Eskubidean-eko kideek Pasaiako ekintzetan parte hartzera gonbidatu nahi izan dituzte herritarrak.

Haur eta Nerabeen prentsaurrekoa