Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/04/11

Herritarren eskaerei erantzunez, kartelak jartzeko panel berriak ezartzen ari da Udala

Dagoeneko lau panel ezarri dira Antxon, bertako bizilagunen eskaeren harira.

Pasaiako Udalak lau panel berri ezarri ditu Antxoko kaleetan, eragileek eta Udalak berak kartelak modu ordenatuan eta egokian jartzeko aukera izan dezaten. Azken hilabeteotan jasotako eskaeren aurrean —zeinetan antxotarrek aipatu izan duten kartel kopuru handia pilatzen ari zela kale eta fatxadetan, eta askotan kendu gabe geratzen zirela—, Udalak erabaki du irtenbide praktikoa eskaintzea, herriaren garbitasuna eta irudia zaindu ahal izateko.

Panelak Zumalakarregi kalean (autobus eta tren geltokirako bidean), topoaren geltokiaren kanpoaldean, Oarso kalean, eta Nafarroa etorbideko autobus geltokiaren ondoan kokatu dira. Kokaleku horiek estrategikoki hautatu dira, alde batetik, herritarren joan-etorria handia delako puntu horietan, eta bestetik, inguru horietan garraio publikoko geltokiak daudelako; kartelek ikusgarritasun ahalik eta handiena izan dezaten.

“Ezinbestekoa da herritarrei alternatibak eskaintzea. Komunikazio-bide geroz eta askotarikoagoak erabiltzen diren arren, kartelak oraindik asko baliatzen dira edozein ekimenen berri emateko”, mintzatu da Antxoko alkateorde Mikel Garcia Peñil. “Horregatik, komunikazioa eta elkarbizitza uztartzen saiatu gara: informazioa partekatzeko bide berriak zabalduz, eta, aldi berean, espazio publikoaren garbitasuna bermatuz”.

Neurri hau ez da Antxora mugatzen. Izan ere, Donibane, San Pedro eta Trintxerpen ere badaude jada kartelak jartzeko panelak ezarrita, baina Udala kokaleku horiek berrikusten hasiko da, espazio horiek egokiak diren aztertzeko eta, beharrezkoa balitz, panel gehiago jarri ahal izateko.

Neurri honekin batera, Udalak bere konpromisoa berresten du herritarrengandik hurbil egoteko. Horretarako, azken hilabeteotan hainbat komunikazio-bide ireki eta sendotu dira: sare sozialak (Instagram, Facebook, X), udal webgunea, Newsleterraren bidezko informazioa, eta berriki Telegram kanal publikoa ere abiarazi da. Halaber, pantaila digital informatiboak ezarri dira dagoeneko bi barrutitan, eta datozen hilabeteetan gainerakoetara ere zabalduko dira.