Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/04/01

Kirol lorpenez gain, Pasaiaren alde egindako ekarpenak eta balore positiboak aitortu dira urteko Kirol Galan

Musikaz eta sorpresaz beteriko ekitaldi hunkigarria izan da.

2024. urteko kirolariak eta kirol elkarteak omendu ditu Pasaiak apirilaren 1ean izandako ekitaldian. Juanba Berasategi aretoan sariz eta sorpresaz beteriko arratsaldea bizi izan da.

Izan ere, kirolaren botere eraldatzailea aitortzeko hitzordua izan da, fisikotik haratago doan eta komunitateen bihotza ukitzen duen indarra. Kirola ez baita soilik lehiatzea; kirolak barne hartzen ditu balioak, ahalegina, elkartasuna eta batasuna.

Ekitaldiari hasiera musikala eman dio Aimar Etxaidek, pianoan “Xalbadorren heriotzean” obra interpretatuz.

Luisma Laboa aurkezleak ekitaldiaren nondik norakoak eta aurtengo galaren berezitasuna azaldu ditu: “Gala hau gizaki hobeak egiten gaituzten balioei egiten zaien omenaldia da: ahalegina, elkartasuna, errespetua eta konpromisoa.   Argi dago benetako garaipena ez dagoela podiumean, besteengan uzten den eraginean baizik”.

Teo Alberrok adierazi du “plazera da hainbeste eragile, norbanako, bizilagun eta kirolaren maitale elkarrekin bilduta ikustea. Gure herriko Gobernuaren izenean, kirolaren alde dugun konpromisoa berretsi nahi dut. Hasieratik argi izan dugu gure apustua: kirola demokratizatzea, hau da, guztion eskura jartzea”.

“Horregatik lanean jarraituko dugu gure herriko kirol ekipamenduak duindu eta hobetzeko, pasaitar guztiok kirol egiteko aukera izan dezaten, adina edo egoera zeinahi izanik ere. Kirolak komunitatea indartzen du, elkartasuna sustatzen du eta gure herria kohesionatzeko ezinbesteko tresna da” gaineratu du alkateak.

Julen Rodriguez, Kirol zinegotziak gaineratu du “kirola maite duen pertsona gisa niretzako ohorea da beste urte batez Kirol Gala hau antolatzea. Pasaiak urteetan zor historikoa izan du gure herriko kirolari olinpikoekin, hori ezin dugu ahaztu eta gala hau mugarri izatea nahi dugu”.

“Oarsoaldeako Eskola Kirolaren estrategia aitzindaria dela gaineratu nahiko nuke eta saritzeko modukoa. Izan ere Pasaiako haur eta nerabeek kirol desberdinak ikasteko aukera dute eta bikaina da hori” amaitu du zinegotziak.

Ostean, urteko kirolari eta taldeen lana goraipatzeko unea iritsi da. Lehenik eta behin ELKARTASUNA irudikatzen duen talde bati egin zaio aitorpena. Klubak, lortzen dituzten kirol lorpenengatik ez ezik, gure komunitateetan duten eragin sozialagatik ere neurtu behar dira. Eta badago klub bat, duela ia 50 urtetik, elkartasun, konpromiso eta eraldaketarako itsasargi bat izan dena Pasaiako udalerrian: Trintxerpe Atletiko Kluba, hain zuzen ere. Klub hori kirola aldaketa sozialaren eragile izan daitekeenaren adibide bat da. Klubeko kideen lanak bizikletak eraldatzeaz gain, bizitzak ere eraldatzen ditu. Eta eskuzabaltasunez egiten dute, beren denbora eta ahalegina besteen zerbitzura jarriz.

Bigarren sariaren ezaugarria INTEGRAZIOA izan da. Kirolak batzeko, inspiratzeko eta eraldatzeko ahalmena du. Eta bada futbola joko bat baino zerbait gehiago bihurtu duen klub bat: Indarbizi 17 Futbol Kluba. Zelaian lehiatzeaz gain, kirola inklusiorako, hobetzeko eta elkartasunerako gune bihurtu duen taldea da. Klub hau gaur egungo gizartearen isla da, errealitate desberdinetako pertsonei ateak ireki dizkien taldea, guztiontzako ingurune seguru eta abegitsua sortuz. Kideen artean, Marokotik, Sierra Leonatik eta Senegaldik etorkizun hobe baten bila etorritako gazteak daude.

Kirol Galaren hirugarren sariak HEZIKETA eta EUSKARA izan ditu ardatz eta Eskola Kirolaren balioa goraipatu nahi izan da. Izan ere, eredu hori ez da kirolariak prestatzera mugatzen; horren benetako arrakasta da pertsonak prestatzea. Kirolaren bidez, talde-lana, errespetua, norberaren hobekuntza eta inklusioa sustatzen dira. Balio horiek, joko-zelaian ikasteaz gain, bizitza osorako geratzen dira norberarengan. Saria Pasaia Lezo Lizeoari eta Karmengo Amari eman azie. Bertaratutakoek  Eskola Kirolean egiten den lana laburbiltzen duen bideo bat ikusteko aukera izan dute.

Bestalde, kirolariak egunero beren burua hobetzeko egiten duten AHALEGINA, dedikazioa eta grina ere saritu nahi izan dira. Eta testuinguru horretan, balio horiek gutxik bezala gorpuzten dituzten bi pertsona daude herrian: Pasaiako Kiru-Do Karate Klubeko Adrián Montoto eta Monika Camarero karatekak.

Ondoren, eta sari gehiagorekin jarraitu aurretik, Aimar Etxaide eta Iraide Urbistondoren musika emanaldia entzuteko aukera izan du publikoak.

Hurrengo atalean kirolarien helburu gorena lortzeko ohorea izan duten pasaitarrak omendu dira: joko olinpikoetan parte hartu duten zenbait pasaitarrek OLINPIKOAK saria jaso dute:

- Santos Labaca (eskubaloi jokalaria). Bere ibilbideko lorpen handienetako bat 1972an iritsi zen, Municheko Olinpiar Jokoetara joateko deitu zutenean. Santos Labacak Joko olinpikoetara Pasaiaren izena eraman zuen, eta horrez gain, kirol iraunkortasunaren eta bikaintasunaren ikur bihurtu zen.

- Luis Mari Lasurtegi (arraunlaria). Bere ibilbide olinpikoa benetan bikaina da. Luis Marik hiru Joko Olinpikotan parte hartu zuen: Mosku 1980, Los Angeles 1984 eta Seul 1988.

- Sergio Rey (boxeolaria), Bartzelonako 1992ko Joko Olinpikoetan parte hartu zuen. Saritua ezin izan da bertaratu, baina bideo bidez hitz batzuk eskaini ditu.

- Begoña Lazcano (piraguista). Bere ahaleginarekin, dedikazioarekin eta grinarekin ametsak korrontearen aurka arraunean lortzen direla erakutsi duen emakumea. Begoña Sevillan kontzentratuta dago nazioarteko probetarako sailkapena prestatzen, baina agur bat bidali du bideo batean. Bere izenean Joxean Lazkanok, bere aitak, jaso du saria.

Hurrengo saria TALDE bati eman zaio. Zalantzarik gabe, talde-lana da kirolaren funtsezko balioetako bat. Horregatik, edizio honetan Pasai Donibane Koxtape Arraun Elkarteko Errekako tripulazioa omendu da, iaz KAE ligan ezin hobeto aritu zelako eta Eusko Label ligara igotzea lortu zuelako.

Azken sariarekin aitortza egin zaie bi emakume  talderi, eta horiei FEMINISMOA izeneko saria eman die Laura Ré Udaleko Berdintasun zinegotziak. Bi taldeek ausardiaz erabaki zuten oztopoak haustea, eta kirola modu paregabean bizitzea, itsasorako grina benetako iraultza bihurtuz Pasaian.

Horietako bat da San Pedroko 'Beteranak' taldea, kirolaren bitartez berdintasunerantz, eta komunitatea sortzerantz urrats sendoa eman duen kolektiboa.

Bestetik, Trintxerpeko Illumbe Arraun Elkartea ere saritua izan da. Izan ere beteranoen ligan parte hartzeko emakumez soilik osatutako trainerua jarri zuren martxan, eta 38 emakume abentura berri horretan murgilduta daude, ilusioz eta ausardiaz.

Pasaiako batelerak beren omenaldia egin nahi izan diete bi emakume talde hauei eta ohorezko pasilloa egin diete.

Amaitzeko, talde argazkia egin da eta luntx gozo batekin amaiera eman zaio ekitaldi hunkigarri honi. Energia behar da kirolaz gozatzen jarraitzeko!

Argazki galeria osoa

Kirol Gala 2025