Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/04/01

Hospitalilloko aparkalekua asfaltatu eta 15 plaza berri sortu dira

45 plaza zeuden eremuan 60 daude orain. Biribilgune bat ere margotu da, trafikoa hobeto erregulatzeko.

Martxoaren 28an hasitako asfaltatze eta margoketa lanak amaitu ostean, Hospitalilloko aparkalekua ireki da gaur eguerdian eta dagoeneko kotxeak hasi dira aparkatzen.

Lan hauen ondorioz, eta Portuaren adostasunarekin, aparkalekuen berrantolatzea egin du Udalak, eta 15 aparkaleku plaza berri sortu dira. Gainera, biribilgune bat ere margotu da, trafikoa hobeto erregulatzeko.

Adinberriko obrek hartutako espazioen ondorioz, aparkatzeko eremu asko ezabatu ziren. Horren aurrean, Udalak ahalegin desberdinak egin ditu aparkatzeko eremu berriak gaitu eta egoerari erantzun ahal izateko. Egun, egoera horren osagarri gisa gaituta daude 198 plaza Ciriza atzealdeko eremuan, beste 66 aparkaleku margotu ziren Hospitalillon (orotara 91 sortuaz), eta beste 17 toki Araneder kalean.

Iraitz Pazos, Obra, Zerbitzu eta Mantentze lanen zinegotziak eta Trintxerpeko alkateordeak adierazi du azken lan hauen helburua izan dela egoera arintze horretan aurrerapauso bat ematea, 45 leku zeuden eremuan 60 plaza sortzeko antolaketa proposatuz. “Horrez gain”, gehitu du, “bertatik dabiltzan oinezkoen eta ibilgailuen segurtasuna ere bermatuko da berrantolaketa honekin”. Orain, beraz, 106 aparkatzeko toki daude Hospitalilloko eremuan.

Teo Alberro alkateak honakoa adierazi du: “Gogora ekarri behar da aparkaleku hori Adinberriko obra hasieran zabaltzea lortu genuela gure insistentziari esker. Lanean jarraituko dugu aparkaleku gabeziari soluzio berriak bilatzeko, eta horretarako funtsezko tresna izango da onartu berri dugun Aparkalekuen Ordenantza”.