Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/03/21

Jaizkibelgo sutea erabat kontrolpean baina 14 hektarea baino gehiago erre ditu

Sua erabat itzali ondoren, kalte zehatzak, kausak eta ondorioak aztertzen hasi dira.

Martxoaren 20ko goizeko 12:00ak zirela, Jaizkibel mendiaren magalean, Alabortzatik gora, Talaia bidearen inguruan, sutea sortu zen.

Baso-suteak daudenean SOS Deiak-ek koordinatzen du hasierako deialdia eta hala egin zuen atzo ere, Ertzaintzari eta Udaltzaingoari abisatuz. Hortaz, Bidasoako eta Tolosako parkeetako suhiltzaileak joan ziren sua itzaltzera. Abisua jaso bezain laster, Pasaiako Udaltzaingoa, Ertzaintza, Babes Zibila eta suteen aurkako helikopteroa ere bertaratu ziren. Lurrez eta airez lanean izan ziren larrialdi zerbitzuak. Helikopteroak, esaterako, mila litro ur isuri ditzake segundo bakar batzuetan eta dozenaka joan-etorri egin zituen, ura Pasaiako badiatik hartzen baitzuen.

Pasaiako Udalak abisua jaso zuenean, Teo Alberro alkatea, Iraitz Pazos Ingurumen zinegotzia eta Ingurumen teknikaria ere sutearen eremura gerturatu ziren nondik norakoak ezagutu eta laguntza eskaintzera.

Suteak bi mingain izan zituen: Hondarribia aldera joan zena eta 17:30etan kontrolatu zena eta Donibanekoa, gauez eremutu zena. Bi fokuak kontrolpean izan ondoren erabat itzali zituzten suhiltzaileek. 

Suhiltzaileek jakinarazi digute sustoa ere izan dela gauean. Egun hauetako haizeteak itzaltze-lanei kalte egin diete eta foku bat berpiztu da 03:30ak zirela. Zorionez, foku hura ere amatatu dute suhiltzaileek eta 07:30ak aldera egoera kontrolpean izan dute” adierazi du Alberrok”.

“Goizean zehar basozainak geratu dira mendian beste piztueraren bat ekiditeko. Hala ere, hego-haizeak ez du laguntzen eta eguerdi arte behintzat bertan egongo dira” gaineratu du alkateak.

Erre den lursail kopuruari dagokionez, momentuz, ez dago kalkulu zehatz eta ofizialik. 14 hektarea baino gehiago erre direla uste da eta asteburuan balorazio zehatzagoa egingo da.

“Atzo gure herrian piztutako suteak kalte nabarmena eragin du gure ingurune naturalean. Azken bi urtetako suterik larriena izan dela aipatu digute. Zorionez, ordea, eta lehen unetik gunean lanean ibili ziren larrialdietako profesionalei esker, ez da inor zauritu. Datozen egunotan ondorioen balorazioa egingo dugu” amaitu du Pasaiako alkateak.

ARGAZKIAK: Zenbait argazki "Euskadiko Suhiltzaileen" kontukoak dira.