Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/04/05
Lezo-Donibaneko bidegorriaren azken fasearen obra hasi da
Obra honekin, Pasaiako badiako biztanleen eskaera historikoari erantzuten zaio, bereziki sanjuandarren eta lezoarren eskaerari.
Gipuzkoako Foru Aldundiak EGEF (Eskualde Garapeneko Europako Funtsa) funtsen bidez finantzatutako proiektu honek 1.474.000 euroko aurrekontua du. Gauzatzeko epea 6 hilabetekoa izango da, eta urriaren hasieran amaituko dela aurreikusten da.
José Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak eta Mónica Pedreira Trantsizio Ekologikoko zuzendariak Lezo-Donibaneko bidegorriaren lehen zatiko obraren aurrerapenak bisitatu dituzte, Mikel Arruti eta Teo Alberro Lezoko eta Pasaiako alkateekin batera. Proiektu hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak finantzatzen du, EGEF funtsen bidez, eta 6 hilabeteko epea du gauzatzeko. Urriaren hasieran amaituko dela aurreikusten da. Guztira, 1.474.000 euroko aurrekontua du.
Bidegorri zati hau egitea «funtsezkoa eta oso beharrezkoa» da, Teo Alberro alkatearen hitzetan; izan ere, «Lezo eta Donibane arteko lotura segurua, jasangarria eta zabala ahalbidetuko du oinezkoentzat eta bizikletentzat, bertatik egunero ibiltzen direnen eta kanpotik datozen bisitarien gozamenerako».
Eraikuntza-lanak amaitu ondoren, zati hori Gipuzkoako bidegorrien sareari gehituko zaio, eta horren bitartez, ingurumena errespetatzen duen bizimodu aktiboa sustatuko da.
Proiektu hau guztiz lerrokatuta dago Europak apirilaren 3an onartutako Bizikletaren Erabilerari buruzko Europako Adierazpenarekin. Adierazpen horren helburua da bizikletaren erabilera sustatzea, azpiegiturak hobetzea eta politikak indartzea, besteak beste. Adierazpenaren arabera, funtsezkoa da bizikleta-azpiegitura seguruagoak eta kalitate handiagokoak izatea, pertsona gehiago bizikletaz mugitzera bultzatzeko, bai hiriguneetan, bai landa-eremuetan, bai haien artean.
Obraren xehetasunak
Lezo-Donibanen gauzatzen ari den obrari dagokionez, GI-3440 foru-errepidean dago, Lezoko udalerrian, eta Lezoko eta Donibaneko hiriguneak lotzen dituen bidegorria osatzea du helburu, Donibanetik hurbilen dauden azken 300 metroetan.
Errepideetako galtzadaren ondoan bidegorri berri bat egingo da, 3 metroko zabalera erabilgarrikoa. Proiektatutako konponbideak inguruko orografia malkartsuaren berezko erronkei egin behar die aurre, baita espazio mugatu batekin lan egiteko beharrari ere, galtzadaren egungo kokapenagatik eta portuaren aldean euste-horma bat dagoelako.
Aukera guztiak sakon aztertu ondoren, irtenbide berritzaile bat aukeratu da: egungo hormaren gaineko hegal bat. Konponbide hori egungo hormaren gainean eta estradoseko lursailaren gainean partzialki bermatutako kontrapisuen bidez gauzatzen da; horrela, plataforma hegoalderantz zabal daiteke, bizikleta eta oinezkoentzako bidearen gainerako zatiekin lerrokatuta, oinezkoen zirkulazioa eta trafikoa modu seguru eta erosoan bermatuz.
Gaurko bisitari esker, Asensiok, Pedreirak, Arrutik eta Alberrok obren aurrerapena egiaztatu ahal izan dute, eta Lezo eta Pasaiako udalerrietan mugikortasun jasangarria hobetzen lagunduko duen proiektu hau arrakastaz gauzatuko dela bermatzeko hurrengo urratsak aztertu ahal izan dituzte.