Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/12/18

Pasaiak biztanleria migratzaileari buruzko diagnostiko bat aurkeztu du

Diagnostikoaren arabera, pasaitarren %18,8 atzerrian jaio da, eta agerian uzten du nola egin behar zaien aurre desberdintasunei, batez ere etxebizitza eta enpleguaren alorretan.

Migratzailearen Nazioarteko Eguna dela-eta, Pasaiako Udalak udalerriko atzerritar jatorriko biztanleriari buruzko ikerketa diagnostiko baten emaitzak argitaratu ditu. Azterlanean azpimarratzen da, besteak beste, nola komunitate horrek Pasaiako gizarte-ehuna aberasten duen. Horrekin batera, agertzen da atzerritar jatorriko bizilagunek zein erronkari egin behar izaten dioten aurre, batez ere, oinarrizko eskubideekin lotuta, esate baterako, etxebizitzarenarekin.

Pasaian, 2024ko urtarrilaren 1ean erroldatutako 16.675 pertsonatatik 3.135 (%18,8) atzerriko lurralderen batean jaioak dira. Hau da, bost pasaitarretatik bat. "Zifra horrek herriaren historia eta oraina definitzen duen aniztasuna islatzen du", azpimarratu du Aintzane Taberna Ezkurra lehen alkateorde eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. "Hala ere", gaineratu du, "diagnostikoan agerian gelditzen da pertsona horietako askok oztopo esanguratsuei aurre egiten dietela. Besteak beste, etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasunak edota enplegu duinak, egonkorrak eta beren formakuntzarekin bat datozenak aurkitzeko ezintasunak".

Azterlanaren aurkezpena bat dator Udalak efemeridearekin lotuta kaleratu duen adierazpen instituzionalarekin. Adierazpen horretan gorroto-diskurtsoen hazkundea salatzen da, eta herritarrei dei egiten zaie Pasaia elkargune, errespetu eta bizikidetzarako leku gisa eraikitzeko. Kontsultatu hemen adierazpen instituzionalaren testu osoa.

Errealitatea erretratatzen duen lan-tresna bat
Udalak aurkeztutako diagnostikoak Pasaiako migrazio-errealitatearen erretratua eskaintzen du. Horrez gain, berdintasunean eta elkartasunean oinarritutako bizikidetza sustatuko duten politika eraldatzaileak diseinatzeko funtsezko tresna izango da. 2023an agintaldia hasi zenetik, Udal Gobernu berriak konpromiso sendoa agertu du gizarte-politikak indartzearekin. Konpromiso hori 2025eko aurrekontuan islatzen da, 3 milioi euro baino gehiago bideratuko baitira Gizarte Zerbitzuetara.

Udalak dei egiten die pasaitarrei bidezkoagoa, solidarioagoa eta abegikorragoa den udalerri baten eraikuntzan aktiboki parte hartzera, eta, aldi berean, udalaz gaindiko erakundeei eskatzen die giza eskubideen politikekiko konpromisoa indar dezaten.

Hemen deskarga daiteke ikerketaren txostena, osorik.














​​​​​​​