Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/11/30

Pasaiako Udalaren adierazpen instituzionala Antxoko hilketa matxistaren aurrean

Pasaiako Udaletik saminik sakonena eta erabateko gaitzespena adierazi nahi ditugu, gaur arratsaldean Pasai Antxon izandako hilketa matxistaren aurrean.

Bizi duguna, eta bizitzen ari garena, oso lazgarria da, eta gure herrian eragindako kolpea, oso gogorra. Indarkeria matxista lehen mailako gaitza da. Jendarte osoari eragiten dio, egunero dugu horren berri, eta gaur gertatutakoa horren adibide garbia da.

Horregatik, Udalak, alderdi politiko guztien eta herritarren izenean, babes eta elkartasun osoa erakutsi nahi die biktimaren senideei, eta egoera gertutik bizi izan duten herritarrei. Udal baliabide guztiak jarri ditugu eta jarriko ditugu aurrerantzean ere horien guztien eskura.

Udalak hiru eguneko dolua ezarriko du herrian, igandeko 00:00etatik astearteko 23:59ra, biak barne, eta ondorioz, bertan behera utzi ditu egun horietarako aurreikusitako ekitaldi guztiak.

Herri bezala ere erantzuteko momentua da, eta horregatik, Pasaiako Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzearekin bat egingo du Udalak bihar, abenduak 1, 12:00etan Antxoko Biteri plazan. Eta, era berean, bertaratzeko deia egiten die herritarrei.

Udalak herrian bizi diren pertsona guztien eskubideak bermatzeko ardura du. Eta, beraz, ahalegin horretan jarraituko dugu, egunero kolpatzen gaituen indarkeria matxistaren kontrako lanean.