Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/11/22
Pasaiak adinekoen arreta indartu du Hurkoa Fundazioarekiko hitzarmena berrituta
Akordioak lehentasuna ematen die prebentzioari eta adinekoek euren etxeetan jarraitzeari
Pasaiako Udalak eta Hurkoa Fundazioak lankidetza-hitzarmena berritu dute. Hala, pertsonak erdigunean kokatuko dituen kalitatezko gizarte-arretaren aldeko beste urrats bat eman du Pasaiak.
Berrikuntza hori adinekoentzako laguntza-sare gero eta sendoago baterantz aurrera egiten jarraitzeko bermea da. Izan ere, arreta pertsonalizatuak prebentzioa eta esku-hartze goiztiarra ditu ardatz, eta horrek ahalbidetzen du adinekoak euren etxeetan denbora gehiagoz jarraitu ahal izatea.
Hitzarmena Pasaia HerriLab estrategiaren barruan kokatzen da, zeinaren helburua baita tokiko ingurunean hauskortasun, mendekotasun eta konplexutasun kasuetan etengabeko zaintza artikulatzeko formulak aztertzea. Horretarako, etxean arreta integrala ematea lehenesten duen zerbitzua eskaintzen du Hurkoak, Hauskor programaren bidez, duintasuna, autonomia eta adinekoen eskubideak erdigunean jarriz.
Hauskor programak gizarte eta hezkuntza alorreko, eta psikologia eta gizarte alorreko zerbitzua eskaintzen du, adinekoen gizarte-hauskortasun egoeretan artatze-lana egiteko etxebizitzan edo ingurune komunitarioan, iraupen luzekoen zainketa-estrategiarekin bat. Akordio horri esker, egoera zaurgarrian dauden adinekoei beren etxeetan ematen diete arreta profesionalek, zaintza komunitarioko sareak sendotuz. Horrek esan nahi du eguneroko premiei erantzuteaz gain, prebentzioan ere lan egiten duen laguntza-sistema bat sortzen dela, mendekotasun-egoerei aurrea hartuz eta epe luzerako bizi-kalitatea hobetuz.
Udalak urtean 58.000 euro bideratuko ditu hitzarmen honen ondoriozko jarduerak finantzatzeko 2027ko abendura arte. Gainera, Jarraipen Batzorde bat sortuko da, aldian-aldian egindako ekintzen eraginkortasuna ebaluatuko duena, eskainitako zerbitzuak egokitu eta etengabe hobetzen joateko.
Pasaiako alkate Teo Alberrok azaldu duen bezala: "Berritutako hitzarmen honekin, gertuko lehen mailako arreta eredu baten alde egiten jarraitu nahi dugu, zaintza eta arreta integrala arau izango dituena eta gure adinekoen duintasuna eta autonomia errespetatuko dituena. Zaintza eta gizarte-ongizatea ez dira helburu bat bakarrik, administrazio gisa dugun erantzukizuna baizik".
Aintzane Taberna lehen alkateorde eta Gizarte Ekintzako zinegotziak lankidetza horren garrantzia azpimarratu du: "Akordio hau ez da dokumentu bat bakarrik, gure bizilagun zaurgarrienekiko benetako konpromisoa da. Zainketa-sare sendo bat eraiki nahi dugu, adinekoei beren etxeetan segurtasunez eta laguntzarekin bizitzeko aukera emango diena, eta gure udalerriko gizarte-kohesioa indartuko duena".
Jose Luis de la Cuesta Hurkoako lehendakariak eskertu egin du Pasaiako Udalaren lidergoa eta konpromisoa hauskortasun-egoeran dauden adinekoei laguntzeko erronka partekatu honetan. "Adineko pertsonek beren etxean eta ingurunean modu autonomoan bizitzen jarraitzea, laguntzeko sare sozial batekin, alderdi erabakigarria da beren bizi-kalitatea hobetzeko", adierazi du.
Berrikuntza horrekin, Pasaiako Udalak berretsi egiten du gertuko eta kalitatezko gizarte-arretaren aldeko apustua, pertsonak eta haien eskubideak erdigunean jartzen dituena. "Hurkoa bezalako erakundeekin batera lanean jarraituko dugu, egoera bakoitzari egokitutako arreta integrala eskaintzeko", ziurtatu du Tabernak. Honela amaitu du alkateak: "Pasaia solidarioago eta konprometituago baterantz aurrera egiten jarraitzea da helburua, non babes komunitarioa gure adinekoak eta, azken finean, pasaitar guztiak zainduko dituen gizarte baten oinarria izango den".