Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/01/03
Urtarriletik ekainera bitarteko kultur-egitarau oparoa aurkeztu du Pasaiako Udalak
Lehen seihilekorako eskuorria etxez etxe ere banatuko da
Pasaiako Udalak 2025eko urtarriletik ekainera bitarteko kultur egitaraua aurkeztu du. Lehen seihilekorako eskaintza oparoa programatu da lau barrutietarako, eta adin guztietako bizilagunentzako.
Aurkezpen ekitaldian izan dira Aitor Brion Kulturako eta Ondareko zinegotzia, Laura Ré Euskarako zinegotzia, Alazne Mendikute Kulturako dinamizatzailea, Garbiñe Eizaguirre Pasaia Musikaleko ordezkaria, Iurre Aranburu Pasaiako Dantza Festibalaren ordezkaria, Itziar Goienetxea Bixi-Bixi elkarteko kidea eta Unai Otxotorena Zinema Txikiaren antolatzailea.
Kultura zinegotziaren arabera, “egitarau oparoa antolatu dugu urteko lehen sei hilabete hauetarako: antzerkia, musika, zinema, dantza, hitzaldiak, ipuin kontaketak eta kultur topaketak izango ditugu lau barrutietan. Hortaz, ekitaldi bikainak izango ditugu herrian eta guztiak eskuorri batean jaso ditugu, pasaitarrek begirada batean informazio guztia haien eskura izan dezaten”.
Musikaren arloan, nabarmentzekoa da jarraipena izango dutela Kontu Kantari Pasaiako solasaldi musikatuek: Esti eta Mikel Markez, Gontzal Mendibil eta Idoia Asurmendi Pasaian izango dira, eta formatu berritzaile horri esker, euren musika entzuteaz gain, artistak gertuagotik ezagutzeko aukera ere izango dute ikusleek. Hilabete hauetan, halaber, Trintxerpeko IV. Kantu Astea, Ganbera Musikaren XII. zikloa eta III. Aste Korala izango dira, Musikaz Blairen aterkipeko ekimenez gain.
Antzerki-sorta oparoa ere programatu da ekainera bitarte. Emanaldien artean, Golden Apple Quartet-en Vamos que nos vamos ikuskizuna. Taldea Pasaian ikusteko azken aukera izango da, beraien azken bira egiten ari dira eta. Miñan, Arizona eta El Patio de las Moreras antzezlanak ere izango dira herrian.
Herriko txikienentzako aipatzekoa da martxoan eta maiatzean ipuin-kontaketak antolatuko direla herriko liburutegietan. Horiei buruzko informazio zehatza Udaleko webgunean argitaratuko da. Zinema Txikiko lau emanaldi ere izango dituzte gozagai gaztetxoenek.
“Bitartean”, gehitu du Euskara zinegotziak, “Euskaraldiak hartuko du herria maiatzaren 15etik 25era. Egun horietan Pasaian izango diren ekimenak aurrerago aurkeztuko ditugu, prentsaurreko batean”.
Dantza ez da faltako: alde batetik, Iñude eta Artzainekin eta, bestetik, Pasaiako Dantza Festibalarekin (ekainaren 5etik 8ra izango da Antxoko kaleetan barrena). Beti bezala, egitarau zehatza PDFko ordezkariek aurkeztuko dute data gerturatu ahala, baina aurreratu dute berritasunez josita egongo dela hurrengo edizioa.
“Bistan da publiko eta gustu guztientzako ekimenak programatu ditugula uda iritsi bitartean. Ekitaldi asko doakoak badira ere, beste guztientzako sarrerak eskuragarri jarri ditugu dagoeneko bibe.me plataforman. Egitarau zehatza eta ordutegiak herri osoan, etxez etxe, banatuko dugun esku-orrian kontsulta daitezke. Gainera, Udaleko webgune eta sareetan ere ekitaldi guztien informazio zehatza irakur daiteke. Pasaiak kulturarekiko duen zaletasuna agerian da mimo handiz prestatu dugun egitarau honetan. Goza dezagun kulturaz!”, amaitu du Brionek.