Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/10/25
Bokaleren bigarren topaketan euskara sustatzeko egiten den lana ezagutarazi eta nabarmendu da
Trintxerpen, 80 lagun inguru elkartu ziren
Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak, Bokalek, Pasaiako eragile eta herritarren bigarren topaketa antolatu du, udalerrian euskararen biziberritzean egiten den lana aitortzeko eta lan horri balioa emateko. Bertan izan dira aisia, kultura eta kirol arloetako elkarteetako ordezkariak, euskaltegietako irakasle nahiz ikasleak, ikastetxeetako irakasle eta gurasoak, Pasaiako enpresetako ordezkariak, merkatariak, gazte taldeak, udaleko ordezkariak, eta herritar euskaltzaleak.
Topaketaren helburua izan da Pasaian euskara gehiago erabil dadin hainbat arlotan egiten den lana ezagutaraztea eta horri balioa ematea. Topaketa Pasaiako eragileek elkar ezagutzeko, elkarrengandik ikasteko eta elkarrekin indar handiagoz aurrera egiteko baliatu nahi izan dute antolatzaileek.
Pasaiako alkate Teo Alberrok egindako sarreran aipatu du Udaletik sustatu nahi dela hanka instituzionala eta hanka soziala euskararen biziberritzean ere elkarrekin aritzea, horrela, indar handiagoa egiteko aukera dugulako. Eta esan du horrelako elkarguneak horren adierazle direla. Sendotuz doa Udalaren eta Pasaiako eragileen arteko elkarlana eta Udalak ere euskarak aurrera egin dezan ardura berezia duela azpimarratu du alkateak.
Ondoren, bideo bat jarri dute Bokaleren elkarguneetan egiten ari diren lanaren berri emateko. Eta, jarraian, sortu berri diren bi elkarguneetako ordezkariek hartu dute hitza, gazteen elkarguneko eta lan-munduko elkarguneko ordezkariek, hain zuzen ere, eta haien elkarguneetan egindako lanaren laburpena egin dute.
Gainera, Amets Aranguren eta Aner Peritz gazte sortzaileek hartu dute parte ekitaldian, euren bizipenetatik eta esperientziatik, gazteak euskarara hurbiltzeko gakoei buruz hitz egiteko.
Aurtengo sarituak
Jarraian, sari-banaketa egin da Pasaiako herritarren aktibazioa eskertzeko eta euskarari indarra emateko bidean ibilbide bat egina duten egitasmoei eta herritarrei aitortza egiteko. Eta, aurtengoan, bi izan dira sarituak: batetik, Andoni Ollokiegi musikaria, euskal kantugintzaren transmisioan egiten ari den lanarengatik. Eta, bestetik, Irakurle Kluba. 2015ean sortu zen Irakurle Kluba, eta euskarazko literaturaz gozatzeko aukera paregabea emateaz gain, Pasaiako euskal komunitatea sendotzeko baliagarria dela iritzi du Bokalek.
Pasaiako bi artistek egindako artelanak banatu dira sari gisa: Mari Luz Etxanizek egindako margolana, Eider Perezen bertso batekin.
Amaieran, Mejillon Tigre kolektiboak topaketarako prestatutako emanaldia eskaini zuen.