Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/10/25
Azkuene kaleko mendi-hegala egonkortzeko lanak arrakastaz amaitu dira
Proiektuak lurraren irristatze-arazoak konpondu ditu, eta baita oinezkoentzako azpiegitura hobetu ere.
Pasaiako Udalak Trintxerpeko Azkuene kaleko 42. zenbakiaren parean dagoen mendi-hegala egonkortzeko lanak amaitu ditu. Eremu horretan ezegonkortasunak izan dira azken urteotan: lur-irristatzeak gertatu dira behin eta berriz, eta horiek arriskuan jartzen zuten inguruko etxebizitzen nahiz oinezkoen segurtasuna.
Ezpondak 30 metro inguruko zabalera eta 10 metroko desnibela du, eta azken urteetan luiziak gertatu dira, eta egoera larriagotzen joan da. 2019ko azaroan, larrialdiko esku-hartze bat egin zen berehalako arriskua arintzeko. Lerratutako lurra kendu eta behin-behineko drainatze bat jarri zen mendi-mazelaren eta lehendik zegoen pasabide baten artean. Hala ere, neurri hori ez zen nahikoa epe luzerako segurtasuna bermatzeko, lurraren ezegonkortasunak arazo izaten jarraitzen baitzuen.
Behin betiko irtenbide bat emateko asmoz, Udalak egonkortze proiektu oso bat idazteko eskatu zuen, azterketa geotekniko xehatu baten ondoren. Proiektu horri esker, hainbat obra egin ahal izan dira, irristatutako lurrei eusteko eta eragindako oinezkoentzako pasabidea berritzeko.
Iraitz Pazos Trintxerpeko alkateorde eta Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen zinegotziak esku-hartzearen garrantzia nabarmendu du: "Mendi-hegalaren ezegonkortasuna arriskutsua zen inguruko bizitegi-eraikinentzat eta oinezkoentzat. Jarduketa honekin lurraren segurtasuna eta egonkortasuna bermatu ditugu, lur-irristatzeen arriskua ezabatuz, eta inguruko oinezkoen irisgarritasuna hobetuz".
Obrak hasi aurretik, ezpondak "irristatze gehiago izateko arriskua zuen, eta horrek eragina izan zezakeen behealdeko etxebizitzetan", zinegotziak adierazi duenez. Gainera, oinezkoentzako pasabidea ere mugitu egin zen, eta horrek arriskuan jartzen zuen egituraren beraren segurtasuna eta funtzionaltasuna. Horrez gain, drainatze-sistema egokirik ez izateak ezegonkortasuna errepikatzeko arriskua areagotzen zuen.
Esku-hartzearen ostean, egoera "zuzendu” da, zinegotziak adierazi duenez. Ezpondaren alboetan altzairuzko erreien pantailak jarri dira lurra egonkortzeko, eta pasabidea hormigoi armatuzko lauza batekin berreraiki da, irisgarritasuna ere hobetuz, alboetako eskailerak kendu baitira. Euri-uren sarearekin lotzen den drainatze-sistema bat ere instalatu da, eta horrek segurtasun handiagoa bermatzen du euri-jasa handiak izanez gero.
"Gure bizilagunen segurtasunerako funtsezkoa zen obra bat amaitu dugu, eta emaitza oso ona izan da. Proiektuak, lurraren arazoak konpontzeaz gain, oinezkoentzako azpiegitura hobetzea ere ahalbidetu du, ingurunea irisgarriagoa eta seguruagoa eginez", gaineratu du Pazosek.
Proiektuak 125.471,82 euroko aurrekontua izan du, eta obrak bi hilabeteko epean egin dira. Gainera, urtebeteko berme-aldia ezarri da, egindako lanen iraunkortasuna ziurtatzeko.
Udal Gobernuak eskertu egin du trintxerpetarrek obrek iraun duten bitartean erakutsitako ulermena eta pazientzia.