Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/11/13

Jardunaldia Pasaian: tokiko konpromisoa eta elkartasun globala giza eskubideen defentsan

El Salvador, Honduras eta Palestinako hiru ekintzailek tokiko eragileekin partekatu dute jardunaldia

Hiru aktibista feministen testigantzei esker, giza eskubideen defentsaren inguruko gogoetaz eta emozioz beteriko eguna izan da gaur Pasaian.

Gaur goizean, azaroak 13, udaletxean egindako ekitaldi instituzional batean, talde politiko guztietako ordezkariek ongietorria eman diete oinarrizko eskubideak defendatzeko egunero lan egiten duten nazioarteko hiru aktibistari: Amaranta Margarita Portillo Peña (El Salvador), Diana Carolina Maradiaga Amador (Honduras) eta Yussi, bere identitatea babesteko izen babestua ezarri zaion ekintzaile feminista palestinarra.

Udaletxean egindako harreran, gonbidatuek udal-ordezkariekin partekatu dute beren erakundeek emakumeen eskubideen eta beren herrialdeetako komunitate ahulenen alde egiten duten lana, bai eta emakumeek eta haien kideek egunero jasaten dituzten indarkeriak eta jazarpenak ere. Teo Alberro Pasaiako alkateak haien testigantzak jasotzearen garrantzia azpimarratu du: "Zuen presentzia hemen babes eta elkartasun sareak eraikitzeko beharraren oroigarri indartsua da. Giza eskubideen aldeko ekintza gobernu-maila guztien erantzukizuna da, eta udalerriek, herritarrekiko duten hurbiltasunagatik, berebiziko garrantzia dute kausa horretan. Gaur bide luze bati hasiera ematen diogu, non udalerri honek justizia sozialaren alde borrokatzen dutenak babesteko eta ikusarazteko konpromisoa hartzen duen ".

Ekitaldi instituzionalaren ondoren, ekintzaileek eta udal gobernuko kideek, Herri Babesguneko ordezkariekin eta herriko elkarte feministekin batera, bazkaria partekatu dute Bixi-Bixiko lokalean, Donibanen. Topaketa horri esker, bizipenak trukatu ahal izan dira eta tokiko zein nazioarteko erronka eta esperientzietan sakondu ahal izan da, giro lasaian.

Topaketak komunitatean

Jardunaldiak Pasai Antxon jarraitu du eta ekintzaileek Bekoz Beko elkarte feministaren lokala bisitatu dute. Bertan, zuzenean ezagutu dute Pasaian emakumeen eskubideen alde egiten den lana, esperientziak partekatuz eta tokiko aktibistekin loturak ezarriz. Eguna amaitzeko, hiru ekintzaileek topaketa bat egin dute Trintxerpen, Emakumeak giza eskubideak eta emakumeen eskubideak defendatzen izenburupean.

Alkateak ziurtatu du jardunaldi honek epe luzerako konpromisoaren hasiera markatzen duela: "Gaur lehen urratsa eman dugu lankidetza horretan, eta espero dugu denboran luzatzea. Pasaia giza eskubideen defendatzaileei elkartasuna eta laguntza eskaintzeko erreferente izatea nahi dugu, tokian-tokian justizia globalerako bidea eraikiz ".

Bisita hau Mundubat Fundazioarekin eta Herri Babesarearekin lankidetza estuaren hasiera baino ez da, giza eskubideak defendatzen dituztenen babesa indartzeko eta tokiko komunitatean sentsibilizazioa sustatzeko helburuarekin. Pasaiak konpromisoa hartzen du giza eskubideen defendatzaileentzako laguntza-guneak eta -sareak sortzeko aktiboki lan egiten jarraitzeko.