Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/03/01

Martxoak 8 Pasaian: Izan zirelako, gara. Garelako, izango dira

Ekimenak eta jarduerak otsailaren 23tik apirilaren 8a arte

Aspalditik, martxoaren 8ko data egutegian ondo markatuta daukagu, kolore morearekin. Gizarteak berdintasunezkoa izan behar duela aldarrikatzeko egun bat da, lortutako aurrerapenak baloratzeko, eta oraindik egiteko dugun bideaz jabetzeko.

Martxoaren 8an aniztasunean dugun elkartasunetik sortzen den indarra ospatu nahi dugu. Aurten bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu feminismoa belaunaldiz belaunaldi pasa dugun lekukoa dela azpimarratzea, gure genealogia feminista ikusaraztea eta emakumeekin historiak izandako ahanzturak konpontzen jarraitzea. Egun hauetan omenaldia egiten diegu haien eskubideen alde eta etortzeke zeuden emakume guztien eskubideen alde borrokatu diren emakumeei.

Aurten martxoaren 8aren harira Pasaiako Udalak, bertako elkarte eta taldeekin batera, antolatu duen programak kontzientzia feministan sakontzeko helburua du, etorkizunari begira baina gure aurretik borrokatu zuten emakumeak beti gogoan izanda.

Liburutegiak

Liburutegiekin elkarlanean haurrentzako zein helduentzako jarduerak antolatu dira. Alde batetik, barruti guztietan bost urtetik gorako haurrei zuzendutako ipuin-kontaketak izango ditugu, Ana Apikaren eskutik, euskaraz, 17:30-18:30 bitartean:

  • Martxoak 4: San Pedro (Liburutegia)
  • Martxoak 6: Donibane (Kulturgunea)
  • Martxoak 11: Trintxerpe (Alkateordetza)
  • Martxoak 18: Antxo (Liburutegia)

Bestalde, euskarazko irakurketa taldeak Edith Whartonen Ethan Frome liburuaren inguruko solasaldia izango du, Xabier Etxaniz Rojoren gidaritzapean. Martxoaren 11n izango da, Trintxerpeko liburutegian, 19:45etik aurrera.

Otsailaren 23tik aurrera

Bekoz Bekok “Emakume bati idatzitako gutunak” ekimena plazaratu du, eta Antxoko hainbat lokaletan postontziak jarri dituzte, gutunak utzi ahal izateko. Parte-hartzea martxoaren 6ra arte egongo da zabalik, eta 8tik aurrera gutunak ikusgai egongo dira elkartearen egoitzan (Elokaldetodas).

Martxoak 5

Bixi Bixi elkarteak “Zaintza ekonomia feministaren argitan” hitzaldia antolatu du. Ainhoa Ozaeta izango da hizlaria, eta euskaraz egingo du. Donibaneko Kultur Aterpean izango da, 19:00-20:30 bitartean.

Martxoak 6

Bekoz Bekok “Menopausia eta emakumea” tailerra antolatu du, Emargiko Lucía Nietorekin. Gazteleraz izango da, 16:30etik aurrera, Antxon, elkartearen egoitzan (Elokaldetodas).

Egun berean, Jabetze Eskolako Jatorri askotariko emakumeen gunearen topagune berezia izango dugu Trintxerpeko Alkateordetzan, 17:00etan. “Askotariko emakumeak, eskubide unibertsalak” da aukeratutako gaia eta Sorburuko Bea Zalacain arduratuko da dinamizazioaz.  

Martxoak 8

Eguerdian, “Emakumeen arteko entzute-taldea” jarduera berezia antolatuko da Trintxerpen. Ekitaldi honen helburua da Berdintasun Arloaren, Itsas Etxearen, Adinkideren eta Jabetze Eskolako zaintzaren inguruko taldearen elkarlanari esker sortutako ekimena herriko beste emakumeei zabaltzea.

Ikusgarritasuna bilatuz, kalean elkartuko gara, Gudarien plazan. Euria egiten badu, Alkateordetzan izango da. Jarduera honetarako aldez aurretik izena emateko orri hau bete dezakezu.

Eta, noski, mugimendu feministak deitutako mobilizazioetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Hauek dira momentuz baieztatutako deialdiak (elkarretaratzeak):

  • Trintxerpe, Gernika Plaza, 19:00
  • Antxo, Biteri Plaza, 19:00 

Martxoak 9

Egun honetan bi jarduera proposatzen dizkigu Bixi Bixi elkarteak. Goizean, 9:00-13:00 bitartean, autodefentsa feministako tailerra, Emaginen eskutik. Donibaneko Kiroldegian izango da, eta formazioa euskaraz emango da. 

Ondoren, 14:00etatik aurrera bertso-bazkaria izango dugu Bixi Bixi elkartearen egoitzan. Uxue Alberdi eta Miren Amuriza dira bertsolari gonbidatuak. Bi jarduera hauetarako, gomendagarria da elkartearekin harremanetan jartzea, izena emateko.

Martxoak 10

Aurreko urteetan bezala, Berdintasun Mahaiaren ekimenez “Pasaiako emakumeon borrokak omenduz” jarduera antolatu da, eta aurten Donibanen izango da. 12:00etan emango zaio hasiera egitarauari, Meipitik abiatuko den kalejirarekin. Ondoren, 12:30 aldera, Santiago plazan ekitaldia egingo da, barruti guztietako mugimendu feministaren ordezkariekin. Jai-giroa eta aldarrikapena uztartuko ditu ekitaldiak: musika, dantza, bertsoak eta bestelako adierazpenak.

Martxoak 11

Topaketa elkarteak “Emakumeon osasuna, bikini medikuntzatik haratago” hitzaldia antolatu du, Lucía Gallego Andrés adituarekin. Gazteleraz izango da Trintxerpeko Alkateordetzan, 19:00-20:30 bitartean.

Martxoak 12

Hurrengo egunean eta ordutegi zein leku berean, Topaketak liburu baten aurkezpena antolatu du: Rosa Rubio Sánchez egilea bertan izango da “Un cuento de hadas para una menopáusica” lanari buruz hitz egiteko, gazteleraz.

Martxoak 13

Bekoz Beko elkarteak collage tailerra antolatu du Emi Pazosekin (aurtengo  kartelaren irudiaren egilea). Teknika hau ikasteko lehenengo saioa izango da; guztira, 5 eskainiko dira eta. Elkartean (Elokaldetodas) izango da, 17:00-19:00 bitartean, eta parte-hartzaileen eskura jarriko da beharrezko materiala.

Martxoak 21

Bekoz Bekoren eskutik, eta oraingoan ere elkartearen egoitzan, Belén Forniés Belloren hitzaldia izango dugu, “Errudunak, kontrakoa frogatu arte? Gizonak feminismoaren beldur al dira?” izenburuarekin. Gazteleraz izango da, 18:00-20:00 bitartean.

Apirilak 8

Azkenik, programa ixteko Bekoz Bekok beste jarduera bat antolatu du: apirilaren hasieran. Amelia Tigasunek hitzaldi magistrala eskainiko du, “Emakumeak eta sexualitate osasuntsua” gaiaren inguruan. Oraingoan ere elkartearen egoitzan (Elokaldetodas), 17:00etan.

 

Besterik aipatzen ez den kasuetan, jardueretarako sarrera librea izango da, lekua bete arte. Informazio gehiago: berdintasuna@pasaia.net · 943344034 / 911.